Zein garrantzia du euskarak lan munduan sartzeak?
Oso garrantzitsua da, gizarte erabilera hizkuntza baten bizitasunaren seinalea baita. Azken hamarkadetan euskararen ezagutzak igoera nabarmena izan du Sakanan, eta orokorrean Nafarroan eta Euskal Herrian, baina beharrezkoa da igoera hori erabilerara eramatea. Euskararen gizarte erabilerarako aukerak ugaldu eta espazioak sortzeko premia dago. Hor sartzen dira aisialdia, merkataritza eta, nola ez, lan mundua.
Gaur egun Sakanan zenbat enpresa dute euskara plana?
Altsasuko Kooperatibak badu euskara plana. Agian badago beste enpresaren bat ere, baina Euskara Zerbitzuan ez dugu horren berri. Badira euskara plana izan gabe euskararen erabileran urratsak eman dituzten enpresa gehiago: errotuluak euskaraz jarri dituztenak, bezeroekiko harremanetan euskararen erabilera bultzatzen ari direnak (fakturak euskaratuz, web orrian euskarazko bertsioa jarriz…), barne harremanetan euskarari lekua egiten ari direnak (barne errotuluak, nominak, batzarretako deialdiak...).
Sakanako Mankomunitatetik zein laguntza eskaintzen duzue?
Batetik, Euskara Zerbitzuak errotuluak euskaraz jartzeko diru-laguntza deialdia du. Diruz laguntzen dira errotuluak, toldoak eta ibilgailu komertzialen errotulazioa. Euskara hutsez idatzita dagoenari gastuaren %50 ordainduko zaio (gehienez ere 500 euro), eta euskaraz eta gaztelaniaz dagoenari %25, beti ere euskarak lehentasuna badu (gehienez ere, 250 euro). Ikus deialdia Manken web orrian.
Bestalde, Sakanako enpresari, merkatari eta ostalariek Mankomunitateko Itzulpen eta Zuzenketa Zerbitzua erabili dezakete doan. Jendaurreko testuak itzultzen dira. Informazio gehiago Manken web orrian.
Azkenik, Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak enpresetan euskararen erabilera sustatzeko Euskarabidearen diru-laguntza deialdira aurkeztu nahi duten Sakanako enpresei aholkularitza eta laguntza eskaintzen die.