Ezkurdia eta Zabaleta borrokan sartu dira

Guaixe 2018ko mar. 19a, 11:45
Argazkia: Javier Colmenero.

Binakako finalerdietako 2. partidan 22 eta 11 irabazi zieten Altunari eta Martijari. Azken hauek finalerako sailkatzea ia ezinezkoa dute baina Ezkurdiak eta Zabaletak, aldiz, aukerak zabalik dituzte

Binakako finalerdietako ligaxkako bigarren jardunaldiak pilotari sakandarren arteko lehia ekarri zuen. Joseba Ezkurdiak eta Jose Javier Zabaletak sekulako partida egin zuten eta Altunaren eta Martijaren gainetik pasa ziren; 22 eta 11 irabazi zuten sakandarrek. Aipatu beharra dago Etxarrengo atzelaria izan zela partidako onena. Hasieratik bukaerara gozatu zuen eta izugarri astindu zuen pilota; txapelketako bere partidarik onena egin zuen Zabaletak.

Partida ia hasieratik ikusi zen Ezkurdiaren eta, bereziki, Zabaletaren eguna izango zela. Binakako hasierako ligaxkan irregularrak izan dira sakandarrak, baina igandean, Eibarko Astelenan, bikote sendoa osatu zuten eta bikain hasi ziren. Sekulako pilotakadak jotzen hasi zen Etxarrengoa eta txapelketako bere partidarik onena egin zuen. Etxeberriko Julen Martijak hasieran ongi eutsi zien erasoei, baina Zabaleta jaun eta jabe izan zen eta bikote sakandarra tantoak pilatzen hasi zen. Igandekoa ez zen Jokin Altunaren eguna izan. Partida hasi eta berehala, belauna kantxako jarlekuekin kolpatu zuen eta kolpe ederra hartu zuen. Eta aurreko koadroetan aritzeko apenas aukerarik gabe, nahi eta ezin ibili zen. Joseba Ezkurdia ongi aritu zen eta, azkenean, 22 eta 11 gailendu ziren Ezkurdia eta Zabaleta.

Hirugarren jardunaldiak erabakiko du
Finalerdietako ligaxkan, Olaizola II.ak eta Imazek 2 puntu dituzte, Ezkurdia-Zabaletak eta Elezkano-Rezustak bana, eta Altuna III.ak eta Martijak ez dute punturik. Asteburuan hirugarren jardunaldia jokatuko da, txapelketa erabakiko duena. Larunbatean, Ezkurdiak eta Zabaletak Olaizola II.a eta Imaz izango dituzte aurkari Bilboko Bizkaia pilotalekuan (17:00etan, ETB1). Igandean, aldiz, Gasteizko Ogetak hartuko du Elezkano II.a-Rezusaren eta Altuna III.a-Martijaren arteko lehia (17:00etan, ETB1).

Denek dituzte aukerak
Emozioak bukaerara arte iraungo du, asteburuko jardunaldiak erabakiko baitu nortzuk sailkatzen diren final handirako. Bi garaipen dituztenez, Olaizola II.ak eta Imazek nahikoa dute larunbatean Bilbon 19 tanto egitearekin edo Elezkano II.ak eta Rezustak galtzearekin. Ezkurdiak eta Zabaletak, aldiz, larunbatean Olaizola II.aren eta Imazen kontra irabazi beharko dute lau tantoren edo gehiagoren aldearekin; bestalde, Elezkano II.ak eta Rezustak galduz gero, irabaztearekin nahikoa lukete finalerako sailkatzeko. Elezkano II.aren eta Rezustaren kasuan, irabaztearekin nahikoa lukete finalerako sailkatzeko. Altuna III.ak eta Martijak irabazten badiete, 19 tantoren aldea baino gutxiagorekin, nahikoa lukete ere sailkatzeko. Azkenik, Altuna III.ak eta Martijak oso zaila dute finalerako sailkatzeko: Elezkano II.ari eta Rezustari irabazi beharko liekete, gutxienez 22 eta 3ko aldearekin, eta, horretaz gain, Olaizola II.ak eta Imazek irabazi beharko lukete.