Etxarrik Amigó menpean hartu zuen eta Lagun Arteak eta Ardoik bana berdindu zuten

Guaixe 2018ko mar. 19a, 12:49

Preferente maila. 23. jardunaldia. Etxarri Aranatz 2 – Amigó 1 / Lagun Artea 1 – Ardoi B 1

Preferente mailako 23. jardunaldian gure bi taldeek puntuatzea lortu dute. Etxarri Aranatzen Amigó taldea hartu zuten etxarriarrek. Partida oso lehiatuan, garaipenaren bila zelairatu ziren bi taldeak, baina lehen zatian ez zuten aparteko arriskurik sortu. Hala ere, atsedenaldia baino lehen Javik Etxarri aurreratu zuen. Bigarren zatian, Etxarrik Amigó estutu zuen, baina jokalari bat gutxiagorekin geratu ziren etxekoak eta egoera hori aprobetxatu nahi izan zuen Amigók, partida berdintzeko. Baina Etxarri izan zen atzera ere kontrako atean asmatu zuena, Darlingek sartutako golari esker. Sierrak gol bat sartu zuen eta Amigó markagailuan gerturatu zen, baina denborak ez zuen gehiagorako eman eta Etxarri Aranatzek 2 eta 1 irabazi zuen.

Lakuntzan, animoak ez ziren onenak futbolera jokatzeko, baina Lagun Arteak eta Ardoi Bk partidari ekin zioten, Yerai Lanz lakuntzarraren alde eta bi jokalariren amonen heriotzagatik minutu bateko isilunea gorde ondoren. Lagun Artea ongi hasi zen; gol aukera ederrak sortu zituen, baina bi gol baliogabetu zizkieten. Atsedenaldiaren ondoren Ardoik gola sartu zuen. Lagun Arteak bana berdintzea lortu zuen, eta nahiz eta gol gehiago sartzeko aukera izan –zurtoinera eta langara joan ziren jaurtiketak– puntu banaketarekin despeditu zen partida.

Lagunak taldea da preferenteko liderra, Infanzones taldearekin 45 puntura berdinduta. Laun Artea 12.a da (25 puntu) eta Etxarri Aranatz 13.a (23 puntu). Gure bi taldeak beheko postuetan daude eta jaitsiera postuak atzean uzteko puntuatu beharrean daude. Asteburuan, sailkapenean 11.a eta arerio zuzena den Amigó izango du aurkari Lagun Arteak. Etxarri Aranatzek, aldiz, sailkapenean 10.a den Castillo de Tiebasen kontra jokatuko du.