Ortiz de Zarate eta Oiartzabal nagusi Altsasuko Duatloian

Guaixe 2018ko mar. 19a, 15:47

Euria eta hotzari aurre eginez, 195 duatletek hartu zuten parte VIII. Altsasuko Copreci Duatloian. Mikel Astiz eta Marta Diego izan ziren lehen sakandarrak

Larunbatean ez zegoen giro. Euria, hotza… panorama hori zuten aurrez aurre Sakana Triatloi Taldeak hainbat laguntzaile eta babeslerekin antolatutako VIII. Altsasuko Copreci Duatloian parte hartzekoak ziren duatletak. Aurretik 216 duatleta zeuden izena emanda, baina horietatik 195 ausartek hartu zuten irteera, 5 km korrikan, 22 km bizikletan eta 2,5 km korrikan egiteko. Horietatik 167k lortu zuten proba osatzea.

Lan istripu zendutako Yerai Lanz lakuntzarraren aldeko minutu bateko isilunea gorde ondoren, emakumezkoak izan ziren irteera hartzen lehenak. 8 minutu beranduago abiatu diren gizonezkoak. Berez gogorra den proba are gehiago gogortu zuen euriak eta hotzak. Altsasuko 2,5 km-ko zirkuituari bi buelta eman zizkioten, korrika, bizikleta hartu eta Altamira igo eta jaitsi ondoren, Zemagako bidegurutzeraino joan ziren, handik buelta hartu eta Altsasun bizikleta uzteko. Bukatzeko, 2,5 kilometroko zirkuituari buelta eman zioten korrika.

Gizonezkoetan lehia oso estua izan zen, baina, azkenean, Arabatri taldeko Iker Ortiz de Zarate arabarra izan zen azkarrena (1:07:08). “Bizirautea lortu dugu” zioen helmugan txapeldunak. 2 segundo eskasera sartu zen Laboratorio Sys taldeko Gonzalo Fuertes. Biek borroka polita izan zuten. “Bizikleta tartean erreleboan aritu gara biok, baina herrira iristerakoan atzeko taldeak harrapatu gaitu. Azken trantsizioan azkar ibili naiz eta nire erritmoa ezarri dut. Azken 300 metrotan estutu egin dut, erritmoari eutsi diot eta metro batzuk ater izan ditut” adierazi zuen Ortiz de Zaratek.

Emakumezkoetan, ordea, 44 urteko Lourdes Oiartzabal lezotarrak ez zuen areriorik izan. “Gogorra izan da, euriagatik batez ere. Bizikleta hartzerakoan sekulako hotza pasa dugu” nabarmendu zuen txapeldunak. Duatleta gehienek biziki eskertu zuten helmugan eskaini zitzaien salda beroa, gehienak izoztuta iritsi baitziren. Auzatearekin indarrak berreskuratzeaz gain, masajea hartu ahal izan zuten.

Altsasuko proban 19 sakandarrek hartu zuten parte. Gizonezkoetan Hiruki Valla de Egües taldean dabilen Mikel Astiz ihabardarra izan zen azkarrena, helmugara zazpigarrena sartu zena (1:07:49). Aipatzekoa da Sakana Triatloi Taldeko Juan Luis Maiza izan zela beterano 2 mailako txapelduna eta bere taldekide Peio Bergara beterano 3 mailako txapelduna. Eta aspaldiko partez, bi emakume sakandar aritu ziren proban. Azkarrena Marta Diego altsasuarra izan zen, duatleta independientea. Emakumezkoen sailkapenean 19.a izan zen Diego (1:38:10).  

Goizean kategoria txikikoak
Goizean Nafar Kirol Jolasetarako (NKJ) baliagarria zen VIII. Altsasuko Haur Duatloia jokatu zen, kategoria txikikoen proba. Txioka ikastoletako inguruneetan jokatu ziren kategoria ezberdineko probak. 125 duatleta zeuden izena emanda. Sakandarrei dagokienez, aurrebenjaminen gizonezkoetan Oihan Andueza laugarrena sailkatu zen eta benjaminen gizonezkoetan Mikel Arrizabalaga bigarrena, Luca Martinez hirugarrena eta Jon Ducar laugarrena. Kimuen gizonezkoetan Alain Razkin laugarrena sartu zen eta Ekain Imaz bosgarrena. Bukatzeko, haurren mailan emakumezkoetan Nahia Imaz bigarrena sailkatu zen eta gizonezkoetan Hegoi Lakuntza seigarrena, Xabier Borrega bederatzigarrena eta Adrian Martinez hamalaugarrena.


Sakandarrak VIII. Altsasuko Copreci Duatloian
Gizonak
1.Iker O. de Zarate (Araba.): 1:07:08
7.Mikel Astiz (Hiruki):     1:07:49
9.Sergio G. Eulate (Sak.):    1:08:25
19.Juan Luis Maiza (Sak.):1:10:54
25.Felix Benjumea (Saltoki): 1:11:04
26.Juan Carlos Gomez (Sak.): 1:11:06
30.Ivan Sobredo (Sak.):     1:11:24
36.Gorka G. Eulate (Sak.):1:12:16
37.Fco. Javier Gomez (Sak.): 1:12:16
58.Iñaki Alvaro (Sak.):    1:15:27
70.J. Ignacio Mikeo (Hiruki): 1:17:41
78.J. Ignazio Iturrioz (Sak.): 1:18:17
94.Gorka Chamorro (Sak.): 1:21:51
134.Aitor Lizarraga (Sak.): 1:35:56
137.Peio Bergara (Sak.):    1:36:27
*Javier Borrega, Isidro Asurabarrena eta Iñaki Gallego erretiratu egin ziren

Emakumeak
1.Lourdes Oiartzabal (Antxin.): 1:21:01
19.Marta Diego (Indep.):    1:38:10
26. Silvia Perez (Sak.)    1:43:32