Euriari aurre eginez, Lilasterketa

Guaixe 2018ko mar. 20a, 10:28

Sociedad Deportiva Alsasuari errekonozimendua egin zioten, emakumezkoen futbola sustatzeagatik

Igandean ez zen giro, baina hala ere hainbat emakume, 30etik gora, animatu ziren Altsasuko Udalak, Berdintasun Zerbitzuaren bitartez, martxoaren 8aren inguruan antolatutako V. Lilasterketan parte hartzera. Proba ez lehiakor honen helburua emakumeen parte-hartzea sustatzea da, emakumeek bizitzako alor guztietan, kirolean barne, duten papera eta presentzia erakustaraztea. Korrika, patinetan, oinez, aulkitxoetan… eta peto morea gainean, Lilasterketan aritzera animatu ziren emakumeak. Euria eta hotza ziren nagusi, eta aurtengo edizioan nabaritu zen, parte-hartzean bereziki. Baina eguraldi txarrari aurpegi ona jarri zioten parte-hartzaileek.

SDA omendua, emakumezkoen futbola sustatzeagatik
Lilasterketa bukatuta, Gure Etxean, Altsasuko Udaleko Berdintasun Zerbitzuak Sociedad Deportiva Alsasua taldea omendu zuen, emakumezkoen futbola sustatzeko klubak egiten duen lana aitortuz. Ane Cantero futbolari eta entrenatzaileak eta SDAko futbol koordinatzaile eta emakumezko taldearen entrenatzaile Alfonso Castellanok jaso zuten oroigarria, LHko institutuko sarreran dagoen eskultura miniaturan, 3D-an, Koedukazioaren sinboloa dena.