Unai Aznar eta Igor Arrietaren garaipen bana Aiarako Biran

Guaixe 2018ko mar. 20a, 12:33

Burundako txirrindulariak larunbateko Respaldizako etapa irabazi zuen eta Aralarkoak igandeko Okondokoa

Asteburuan Aiarako Birako azken bi etapak jokatu ziren eta bietan txirrindulari sakandarrak izan ziren protagonistak. Eguraldi txarrari, hotzari, euriari, kaxkabarrari eta ibilbide gogorrari aurre eginez, larunbatean Respaldizan jokatutako Aiarako Birako 4. etapa Burundako Quesos Albeniz taldeko Unai Aznarrek irabazi zuen, helmugara bakarrik heldu eta gero (1:11:04). 57 segundo atera zizkion Flavio Ortizi. Bere taldekide Hugo Aznar 4.a sartu zen, Sergio Lopez 14.a, Iker Mintegi 15.a eta Antonio Gonzalez 36.a. Unai Aznarrek mendiko sailkapena eta tartekako helmugen sailkapena irabazi zituen eta Quesos Albeniz izan zen etapako talderik onena.

Etapa horretan ez ziren Aralarko Intersport Irabia taldekoak aritu. Igandean Okondon jokatutakoan, aldiz, bai. Eta sekulako erakustaldia eman zuen talde txuriko Igor Arrietak. Uharte Arakilgo txirrindulariak eraso itzela jo eta bakar-bakarrik iritsi zen Okondora (1:02:29). 2:18 atera zizkion Mikel Berazari. Interport Irabiako Martzel Etxeberria 56.a sartu zen, Jon Erdozia 84.a eta Mikel Lizasoain 85.a. Igor Arrietak ere mendiko sailkapena irabazi zuen. Quesos Albeniz ez zen proba honetan aritu.