Emakumeek denboraldiari ekin diote

Guaixe 2018ko mar. 20a, 13:59

Eibarko Sari Nagusian 23 urtez azpikoan Maialen Aramendia 34.a sailkatu zen, jubeniletan Bakarne Gonzalez 8.a eta Leire Maiza 9.a eta kadeteetan Maria Beraza 37.a

Igandean Eibarko Emakumeen Sari Nagusia jokatu zen, Emakumeen Euskaldun Torneorako proba baliagarria. Kadeteen (33 km), juniorren (78 km) eta 23 urtez azpiko eta eliteen (78 km) mailetan jokatu zen aipatu proba. Kadeteetan Gipuzkoa Ogiberri taldeko Garazi Estevez izan zen azkarrena (59:16). Nafarroa-Ermitagaña taldean dabilen Maria Beraza uhartearra 37.a sailkatu zen (1:03:57).

Juniorrek eta 23 urtez azpikoek eta eliteek 78 km-ko lasterketa osatu behar izan zuten. Lasterketa Sopela Womens Team taldeko Sara Martinek irabazi zuen, Bizkaia-Durango Euskadiko Cristina Martinezi 4 segundo atera eta gero. Sopela Women taldeko Maialen Aramendia 34.a sailkatu zen (2:32:00).

Juniorretan Moreaga taldeko Andere Basterrak irabazi zuen (2:20:00), nagusitasun handiz. Ride-Vektor taldean dabilen Bakarne Gonzalez altsasuarra 8.a sartu zen (2:32:00) eta Nafarroa Ermitagaña taldeko Leire Maiza etxarriarra 9.a (2:33:41).