Eskalada, zergatik ez?

Guaixe 2018ko mar. 21a, 12:00

Sakanako Mankomunitateak eskalada hastapeneko ikastaroa antolatu du apirilaren 20an, 21ean eta 22an San Fauston, Eginon eta Uharte Arakilen

Eskaladak badu zerbait berezia, erakartzen du. Baina, nola hasi? Kezka hori dutenei begira, eskalada ezagutu nahi dutenendako eskalada hastapen ikastaroa antolatu du Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak, Nafarroako Gobernuaren laguntzarekin. “Helburua aitzan eskalatzeko oinarrizko ezagupen eta teknikak lortzea da” adierazi dute kirol zerbitzutik.

Ikastaroa 8 urtetik aurrerako gizon eta emakumeei begira antolatu du Mank-ek. Ion Gurutz Lazkoz Martinez eskalatzaile arbizuarrak gidatuko du. Apirilaren 20an, 21ean eta 22an izanen da. Apirilaren 20an, ostiralean, 18:00etatik 20:00etara ariko dira, Sakanako Mankomunitatean, Lakuntzan, bereziki eskaladaren alde teorikoa eta mota ezberdinetako azalpenak ematen. Eta apirilaren 21ean eta 22an, larunbatean eta igandean, goizeko 10:00etatik 17:00etara murgilduko dira eskaladan. Mankomunitatean jarriko dute hitzordua eta San Fauso, Egino eta Uharte Arakilgo eskalada guneetara joateko kotxeak antolatuko dituzte. Arratsaldera bitarteko txangoak direnez, norberak bere bazkaria eraman beharko du.

Materialari dagokionez, arnesa, katuak eta kaskoa beharrezkoak dira. Norbaitek ez baditu, antolakuntzak utziko dio materiala.

Izena ematea
Zabalik dago apirilaren 13ra arte, Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuan (948 464 866, kirolak@sakana-mank.eus) baina taldea bete ahala itxi egingo da. Prezioa: 39 euro.