Zabaleta eta Ezkurdia ez daude materialarekin konforme

Guaixe 2018ko mar. 22a, 08:30

Atzo egin zuten larunbateko partidarako aukeraketa, Bilbon, eta ez zuten euren materiala aurkitu. Aukeraketa ez egitekotan egon ziren

Binakako Pilota Txapelketan asteburu honetan erabakiko da zein biko sailkatuko diren final handirako. Ezkurdiak eta Zabaletak Olaizola eta Imaz izango dituzte aurkari larunbatean Bilbon, eta atzo laukoteak pilota aukeraketa egin zuen Bizkaia pilotalekuan. Berehala giroa nahasi egin zen, Ezkurdia eta Zabaleta ez baitzeuden konforme Martin Alustizak aurkeztutako materialarekin. Pilotarik ez aukeratzekotan egon zirela onartu zuten sakandarrek. Saskian aurkitutakoa ez zitzaien batere gustatu, eta protesta moduan materiala ez aukeratzekotan egon ziren, lan hori Alustizaren arduran uztekotan. Nolanahi ere, azkenean hiru pilota aukeratu zituzten baina ez zuten haserrea ezkutatu. “Indar handiagoko pilota nahi genuen, pilotakada jotakoan mina ematen duena eta defendatzea kostatzen dena. Exijenteagoa, Eibarren, aurreko partidan, izan genuena. Ez genuen pilota biziagorik nahi, karga hartzen duen pilota baizik. Nahi genuen pilotarik ez zegoen eta ez gara gustura geratu. Pilotarik ez aukeratzekotan egon gara” azaldu zuen Ezkurdiak.  

Tentsioa nabaritu zen Ezkurdiak eta Zabaletak materiala aukeratzen zebiltzanean. Begiratzeak, zalantzak, elkarrizketak… bat nahiko azkar aukeratu zuten, baina beste biak aukeratzeko nahikoa lan izan zuten, ez baitzuten gustukorik topatzen. “Pilota batek gorako bote handia zuen, baina hori ere ez zaigu komeni. Hau da dagoena eta honekin moldatu beharko gara larunbatean, kantxan dena eman beharko dugu” gaineratu zuen Ezkurdiak.

Olaizolak eta Imazek, aldiz, gustuko pilotak aurkitu zituzten, euren ezaugarrietara egokitzen direnak, eta harritu egin ziren sakandarren kexaren berri izan zutenean. “Pilotak motelak direla kexatzen badira, adar jotzea da hau, sortako pilota bizienak ez dituztelako aukeratu. Horrelako bat gertatzen den aldiro, ni edo nire bikotekideren bat gaude tartean. Nik ez ditut pilotak etxetik ekartzen” aipatu zuen Goizuetakoak.

Pilota aukeratzeko sisteman, pilotak duela hilabete bat jarri zituzten Aspeko eta Asaegarceko intendenteek. “Aspek hiru bikote zituen finalerdietan; Asegarcek, aldiz, bakarra. Asegarcerendako errazagoa zen pilotak jartzea” aipatu zuen Ezkurdiak, sistemaren hutsunea mahai gainean jarriz.
Zabaleta ere iritzi berekoa izan zen. “Olaizola oso pozik egongo da bere hiru pilotekin. Berari primeran datozkio. Lurrean grazia dute eta frontisean ez. Gutxi irteten dira, eta lurretik asko dabiltza” azaldu zuen Etxarrengo atzelariak. Larunbateko partidari dagokionez, “oso zaila” izango dela aipatu zuten pilotari sakandarrek. “Olaizola sasoi onean dago eta Imaz txapelketa ona egiten ari da. Gure pilota izan bagenu, aukera handiagoa izango genuen. Amorratzen nauena da batzuk bere pilota izatea eta guk ez” nabarmendu zuen Ezkurdiak. Larunbatean ikusiko da.

Gaur Altunak eta Martijak aukeratuko dute
Jokin Altunak eta Julen Martijak gaur eginen dute iganderako partidarako material aukeraketa, goizeko 11:30ean, Gasteizko Ogeta pilotalekuan. Danel Elezkanorekin eta Beñat Rezustarekin batera. Altunak gaur argituko du jokatzeko moduan dagoen edo ez, aurreko asteburuko partidan kolpe latza hartu baitzuen belaunean. Ez badu jokatzen, Jakak ordezkatuko du.