Martxoaren 24an Iruñera!
Euskaldunok egunero-egunero pairatzen ditugu bigarren mailako hiztun izatearen ondorioak. Derrigorrean bermatu beharreko hizkuntza-eskubide bakarrak erdal hiztunenak dira eta euskaldunok hamaika ahalegin egin behar izaten dugu bizitzaren eremu guztietan euskaraz normaltasunez bizi ahal izateko.
Euskararen herria, Euskal Herria. Hizkuntza ukatua duen herria. Herri zatitua, ukatua, menderatua. Euskaraz bizitzea debekatzen zaion herria. Erabaki ahal izatea ukatzen zaion herria. Ez soilik bere etorkizun politikoa, baita zein nolako hizkuntza-antolaketa izan nahi duen ere.
Jauzia: burujabetza. Etorkizuna euskarari. Euskaraz bizi ahal izatea euskaldunok. Euskaraz normaltasunez biziko den eta osoki egituratutako hiztun-komunitatea. Euskal Herri euskaldun burujabea.
Finean, euskaldunoi ezartzen zaizkigun mugak, debekuak eta erdarara jotzeko ohiturak hankaz gora jarri eta “euskaraz bizitzera goaz” aldarria iraultza sozial bilakatzera goaz. Euskaraz gara ala ez gara. Euskarak egiten gaitu euskaldun. Euskarak egiten gaitu herri. Euskararik gabe ez dago euskararen herririk, ez dago Euskal Herririk. Horregatik ozen diogu: Euskal Herria euskaratik eta euskaraz eraiki beharra dago.
XXI. mendean euskarak bizirik badirau urteetan egindako borrokari esker izan da. Euskal Herriaren berreuskalduntze osora iristeko euskaltzaleok jarraitu beharko dugun borroka. Euskarari eta euskal herritarroi ezartzen zaizkigun mugak gainditu eta euskararen normalizazioan jauzi egiteko burujabetza eskuratzera goazela ozen aldarrikatzeko, heldu den martxoaren 24an manifestazioa egingo dugu, 17:30ean Iruñeko Autobus geltoki zaharretik abiatuta. Euskaltzaleei egun horretan manifestazioan parte hartzera dei egiten diegu. Era berean, euskaltzaleei deialdiarekin bat egiten dutela adieraztera ere dei egiten diegu, sare sozialetan “Mugarik Gabeko Euskara” adieraziz bideoak edo argazkiak eskegiz.