Izena eta Izana

kolaboratzaileak

Anitzartean Kulturartekotasun Zerbitzuari irudia emango dion logotipo lehiaketa aurkeztu berri du Sakanako Mankomunitateak. Anitz-artean izenburua irakurtzearekin batera memoria borboka jarri da eta gure bailaran egun dagoen aniztasunarekin zerikusi gutxi zuen garaira bidaiatu dut. Duela hogeita hamar urte inguru gure herrira bizitzera etorri ziren lehen neska-mutil beltzak etorri zaizkit gogora. Garai bertsua izanen zen euskaraz zekiten lehen ijitoak etorri zirenean ere. Izengutxiak jartzeko trebeak garen herri honetan, izengoitien ordezko izan zitekeen formula moduko bat erabiltzen genuen ezberdin ziren horiek izendatzeko. Horrela, “euskaldun” etiketa jartzen hasi ginen aniztasunaren isla ziren horiek gure egiteko: beltz euskaldunak, ijito euskaldunak… Gaur egun barregarria suerta baitaiteke ere, orduan ere aho bete hortz gelditzen ginen Euskal Telebistan beltzak, arabiarrak eta indioak euskaraz hitz egiten aditzen genituenean.  Jada ez dugu “euskaldun” eransgarria jartzeko premiarik, soil soilik, Asmae, Adam, Mitiku, Redwân, Ashraf, Mariam, Catalina, Mario, Marcos… dira.
Gauzak asko aldatu dira ordudanik eta horren seinale da lehiaketa hori bultzatu duen Mankomunitateko zerbitzuak berak izan dituen izen aldaketak. Immigrazio Zerbitzutik hasi, Migrazio eta Aniztasunera salto egin eta egungo Kulturartekotasun izenarekin bukatu arte. Esaten da, norberaren izenak gure izaeran eragiten duela eta gure izana eraikitzeko elementu bat gehiago dela. Antza, izen aldaketa berri honekin ere izate bat azpimarratu nahi dute: aniztasuna, berdintasuna, diskriminazio eza eta errespetua islatuko duena.
Izan bitez ongi etorriak aldaketa aberasgarri horiek guztiak. Eta bide batez, Sakanan bizi garen guztiontzat  bideratutako zerbitzuari “Etorkin” izena albora dezagun gure burutik eta eman diezaiogun Kulturartekotasun izena eta izana. Izena duen guztia irudikatzeko lehiaketan hori izan dadila sormen eta parte hartze bikainekoa.