Orain baino bermatuagoak izan ditugu giza eskubideak munduko gizakiok. “Bi hamarkadatik hona arreta gehiago jarri izan bagenie, milioika bizitza salbatu izan ziren“ dio ONUko idazkari gorenak, Antonio Guterresek, Ginebran ospatu berri den Giza Eskubideen 37. Kontseiluan.
Gero eta gehiagora doan xenofobia, arrazakeria eta intolerantziaren lekuko izaten ari da mundua, errefuxiatu eta migratuak biktima dituen eskuin muturreko ideologiak birsortzen ari diren bitartean. Opresioa modan jarri da berriro, eta askatasunen printzipio oinarrizkoenak atzeraka doaz. Halako posturak defendatzearen lotsa ere galdu da.
Munduko txoko guztietan gizarte zibila gatazka askoren helburu da, egoera inhumano eta gizagabeetan atxilotua da, eta desplazatzera behartua. Gatazketan inplikaturik dauden alderdiek giza eskubideen nazioarteko araudiei ez dietelako jaramonik egiten gertatzen da hau.
Gero eta gehiago bihurtzen dira gatazkak epe luzekoak, kasu batzuetan hamarkadetako luzarokoak izatera iritsiz, sarraski itzelak utziz. Urtero ospatzen den Giza Eskubideen Kontseiluan parte hartzen duten lurraldeek hartzen dituzten konpromisoak eta gero burutzen dituzten ekintzen arteko distantzia, gero eta sakonagoa da.
Hainbat lurraldeek, Giza Eskubideei, 2.mailako balioa ematen diete, eta hori oso larria da. Aktibismorako tartea gero eta txikiagoa izatea larria den bezala. Eta zer esanik ez, elkartasunaren kriminalizazioaren zabalkundeaz. Hori gutxi balitz, esklabutzak indarrean dirau gaur egun Libia eta beste hainbat lurraldeetan. Gainera! Oinarrizko Giza Eskubideen bortxaketa bortitza errealitate bat da tamalez, munduko bazter guztietan.
Non du Europak eta munduak helmuga? Norentzat ditu ba gordeak Giza Eskubideak?
Ez guztiontzat, alegia.