Nafarroako Kirol Jokoen finala, igandean Lekarotzen

Guaixe 2018ko mar. 22a, 15:28

Andra Marik ordezkariak izango ditu proba konbinatuetako eta sokatirako final guztietan eta Iñigo Aritzak kadeteen konbinatuan eta sokatiran. Eguraldi txarra eginen duenez, Lekarotzen jokatuko da

Nafarroako Kirol Jokoen lau jardunaldi jokatu dira dagoeneko. Lehena Etxarri Aranatzen jokatu zen, bigarrena Betelun, hirugarrena Antsoainen eta laugarrena Beran, igandean. Txapelketako finala igandean jokatuko da Lekarotzen, goizeko 11:00etatik aurrera. Berroetan jokatzekoa zen, baina eguraldi txarragatik aldatu egin dute.

Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolak herri kirol proba konbinatuetan eta sokatiran jokoan dauden final guztietan hartuko du parte. Altsasuko Iñigo Aritza, aldiz, kadeteen proba konbinatuko finalean eta sokatirako proba guztietako finaletan ariko da.

Herri kirol proba konbinatua
Txapelketako laugarren jardunaldian kimuen mailako proba konbinatuan 17 talde lehiatu ziren, 5 multzotan banatuta. Igantzi izan zen azkarrena (6:47), Andra Mari 5 (6:53) eta Andra Mari 7 (6:55) taldeen aurretik. Sakanako gainontzeko taldeei dagokienez, Andra Mari 6 zortzigarrena sailkatu zen (7:13), Iñigo Aritzako Intsusburu bederatzigarrena (7:17), iñigo Aritzako Bargagain hamabigarrena (7:25), Andra Mari 3 hamahirugarrena (7:26), Iñigo Aritzako Gainsol hamalaugarrena (7:33), Andra Mari 4 hamabostgarrena (7:40), Andra Mari 1 hamaseigarrena (7:46) eta Andra Mari 2 hamazazpigarrena (7:56). Lau jardunaldietan orain arte egindako lana kontuan hartuta, ondoko lau taldek jokatuko dute igandeko final handia: Andra Mari 5, Igantzi, Andra Mari 7 eta Antsoain B.

Haur mailako proba konbinatuan, 13 talde lehiatu ziren igandean Beran, 4 multzotan banatuta. Denbora guztiak kontuan hartuta, Andra Mari 3 gailendu zen (8:54), Basaburua (8:59) eta Araxes (9:20) taldeen aurretik. Andra Mari 2 laugarrena sailkatu zen (9:20), Iñigo Aritza hamargarrena (10:34) eta Andra Mari 1 hamaikagarrena (11:52). Igandeko final handirako ondoko lau taldeak sailkatu dira: Andra Mari 3, Araxes, Berriozar A eta Basaburua.

Eta kadeteen mailako proba konbinatuan, txapelketako laugarren jardunaldia jokatu zuten maila horretan lehiatzen ari diren lau taldeak. Iñigo Aritza izan zen azkarrena (10:16), Basaburua (10:22), Andra Mari (10:25) eta Berriozar (11:07) taldeen aurretik. Txapelketa hau ligaxkan jokatzen ari dira eta lau taldeek ligaxkako azken jardunaldia izanen dute jokoan igandean Lekarotzen.

Sokatira
Sokatiran gure taldeak oso fin ibili ziren. Haur mailan (480 kilo), 12 talde lehiatu ziren 3 multzotan banatuta. A multzoan Berriozar Ak irabazi zuen (4 puntu), Iñigo Aritza bigarrena izan zen (2 puntu) eta Andra Mari 2 hirugarrena 82 puntu); B multzoan Andra Mari 3 eta Andra Mari 4 taldeek berdindu egin zuten (3,5 puntu) eta C multzoan Basaburua gailendu zen (4 puntu) eta Andra Mari 1 hirugarrena sailkatu zen (2 puntu). Lau jardunaldiak kontuan hartuta, igandeko finala ondoko sei taldeek jokatuko dute: Berriozar A, Iñigo Aritza, Andra Mari 3, Andra Mari 4, Basaburua eta Araxes.

Bukatzeko, kadeteen mailako sokatiran (540 kilo), Basaburua izan zen finena Beran (5 puntu). Andra Mari 1 izan zen bigarrena (4 puntu), Iñigo Aritza hirugarrena (3 puntu), Anaraberri laugarrena (2 puntu) eta Andra mari 2 bosgarrena (puntu 1). Txapelketa ligaxkara jokatzen ari da eta asteburuan txapelketako azken jardunaldia jokatuko dute aipatu bost talde hauek Lekarotzen.