Emakumezkoen Futbol 8 Altsasuk denboraldiko bigarren garaipena lortu du

Guaixe 2018ko mar. 22a, 16:23

Uharte Itaroari 6 eta 4 irabazi zieten Altsasuko neskek

Emakumezkoen Futbol 8 mailako Altsasu taldeak denboraldiko bere bigarren garaipena lortu zuen asteburuan. Altsasuarrek 6 eta 4 irabazi zioten Itaroa Uharte taldeari. Maddi, Aintzira eta Laida izan ziren golegile altsasuarrak. Egun Emakumezkoen Futbol 8 mailako 2. fasean lehian dabiltza altsasuarrak,  Kopan, eta larunbatean Oberena taldea hartuko dute Dantzalekun, goizeko 11:00etan.

Futbol 8 mailan, berez, 15 urtera bitarteko neskak lehiatzen dira, baina Altsasuko taldean gehienek 8 eta 10 urte bitartean dituzte. “Beste taldetan helduagoak dira, eta hori izugarri nabaritzen da adin hauetan, baina Altsasun adin horretakoak erregional mailako taldean dabiltza. Tarteka erregional mailako taldetik hiru futbolari datoz Futbol 8 mailako taldea indartzera, baina 8-10 urtekoak dira taldearen oinarria. Dena den, Futbol 8ko gure neskek ilusio handia dute. Gogoz etortzen dira entrenatzera, asteartetan eta ostegunetan. Orain arte partida ia gehienak galdu egin dituzte, baina berdin zaie. Ilusioa dute” aipatu digu entrenatzaileak, Ane Canterok. Aurtengo helburua taldea egitea zen, 8 eta 10 urte arteko neska hauek futbolean trebatzea, eta akaso golen bat sartzea, baina Lekunberriri eta Uharte Itaroari irabazita, bi garaipen dituzte eta gogotsu ospatu dituzte. “Pixkanaka gauza politak egiten ari dira, ilusioak gauzatzen eta ilusioz beteta dagoen talde honen primerako balorazioa egiten dut” nabarmendu du.