Maillot berriak zortea eman dio Sakana Patin taldeari

Guaixe 2018ko mar. 22a, 16:28

Larunbatean 2018 denboraldia aurkeztu zuen Sakana Patin Irristaketa Taldeak, Olaztin. 33 irristalari dira, emaitza bikainak lortzen ari direnak.

Sakana Patin taldeak larunbatean egin zuen 2018 denboraldiaren aurkezpena, Olaztiko Kultur Etxean. 33 irristalari trebatuko dira aurten Sakana Patin taldean. Aurrebenjamin mailan 5 mutil eta 3 neska dabiltza, benjaminetan 8 mutil eta 2 neska, kimuetan 6 neska eta 3 mutil, haurren mailan 2 neska eta 2 mutil eta senior mailan 2 mutil.

Ekitaldi berean Sakana Patin taldeak aurten izango duen ekipazio berria aurkeztu zuten. Mobel Sport etxeko maillota da, beltza eta gorria. Sakana Patin taldeak babesletza-hitzarmena du Mobel Sport etxearekin. Horretaz gain, Copreci Alsasua kooperatibak eta Sakana Kooperatibak emandako laguntzari esker lortu ahal izan dute ekipazio berriko inbertsioa estaltzea.  

Emaitza onak Amayan
Sakana Patin taldeak igandean estreinatu zuen ekipazio berria, Amaya klubeko patinodromoak Nafarroako Txikien Ligako 2. jardunaldia hartu baitzuen. Ongi aritu ziren gure irristalariak. Aurrebenjaminetan Enara Perez hirugarrena sailkatu zen, emakumezkoetan, eta Gaizka Flores bigarrena, gizonezkoetan. Eta benjaminen gizonezkoen mailan Eneko Pinto bigarrena sartu zen helmugara. Hiru olaztiar hauek primerako emaitza lortu zuten eta baita Sakana Patin Irristaketa Taldeak.