Urbasa eta Andia mendietako larreak Nafarroako nekazaritza ekologikoaren ekoizpen-ziurtagirian sartu dira, Nafarroako Gobernuak erabilera publikoko bi mendiendako egindako eskaeraren ondoren. Landa Garapen, Ingurumen eta Toki Administrazioko Isabel Elizalde kontseilariak Nafarroako Nekazaritzako Produkzio Ekologikoaren Kontseiluko (NNPEK) lehendakari Edorta Lezaunen eskutik jaso zuen departamentuarentzako operadore ekologikoaren ziurtagiria, bi mendietako 15.794 hektarea babesten dituena. Modu horretan, Nafarroako hektarea ekologikoak %21 gehitu dira; dagoeneko, 72.962 hektarea ekologiko daude ziurtatuta.
Herri-larre horien ziurtagiriari esker, animaliek larre horietan bazkatzeko ganaduzale ekologikoek egin beharreko izapide burokratikoak sinplifikatzen dira, horrek inolako mugarik ezarri gabe ekoizpen konbentzionaleko profesionalei.
390 ustiategiko ardiak, behiak eta behorrak
Urbasa eta Andia mendietako 15.637 hektareatan batik bat pagadiak eta bazkalekuak daude, interes komunitarioko habitat bezala katalogatuak, eta Nafarroako Natura 2000 Sarean sartuak. Belar-larreak kalitate nutritibo eta balio ekologiko handikoak dira, eta honako hauek osatzen dituzte gehienbat: larre mesofitikoak (Festuca rubra eta Agrostis capilaris), larre mesoxerofiloak (Festuca rubra etay Festuca ovina gr) edota larre xerofiloak (Festuca ovina gr). Zuhaixken artean hauek dira nagusi: bojeralak, elordiak, ipurudiak eta txilardiak, eta, gutxixeago bada ere, badira zona antzuak edo harkaitz askokoak.
Mendi horietan larrean ibiltzen den abere-kopurua aldatzen da urte batetik bestera, baina gutxi gorabehera 27.000 ardi -Nafarroako 17.000 latxa eta 10.000 rasa-, 4.300 behi eta 3.300 behor larratzen dira; hots, 12.000 bat AzLU (azienda larri unitate). Nafarroako 390 azienda-ustiategikoak dira.
Urbasan eta Andian apirilaren 15etik abenduaren 15era bitarte eduki daiteke azienda, bertako ustiapen gutxi batzuek kenduta, mendian urte osoan egoteko aukera baitute. Hala ere, azienda gehiena denbora gutxiagoan egoten da bertan, normalean 4 hilabetetik 6 hilabetera.