Udal eta mankomunitateetako ordezkariak, alderdiak, sindikatuak, enpresak, gizarte zerbitzuak, ikastetxeak, Nafar Lan sare eta beste hainbat eragilek osatzen dute Sakanako Sozioekonomia Behatokia. Hausnarketarako eta ebaluaziorako erakundea da. Haren egitekoa da Sakanako Plan Estrategikoa nola garatzen ari den ikustea eta, behar izanez gero, egokitzapenak proposatzea. Aldi berean, Sakanako Garapen Agentziaren urteko ekintzak eta lan ildoak zein izanen diren proposatuko dute.
Behatokiko kideak asteartean elkartu ziren Lakuntzan. Sakanako Garapen Agentziaren proposamenari segituz, eragile bakoitzeko ordezkari bakoitzak beste sakandar batekin joan zen bilerara. Agentziako Aintzane Iriberrik azaldu digunez, "udaletara eta erakundeetara iristen gara, baina jendartera iristea zailagoa zaigu. Sakanako Plan Estrategikoaren Eragina jasotzen duen populazioak plana bizi duen jakin nahi genuen".
Lekukotzak
Josefina Arregi klinikako ordezkariak adinezko emakume batekin joan zen. Hura belaunetik operatu zuten eta ondoren ezin ibili gelditu zen. Klinikako funtzio-errehabilitazio unitatean bi hilabete eman eta gero berriro oinez dabilela azaldu zuen. Sakanako Enpresarien Elkartearekin batera lantegi bateko arduraduna joan zen eta hark gaur egun trebatutako lan eskua kontratatzeko dituzten arazoak azaldu zituen.
Bestetik, Uharte Arakilgo zinegotzi batek, enpresa handi batean lan egiten duenak, lantegietan argindar hornidurekin dituzten arazoak azaldu zituen. Iberdrolak eskaintzen duena ez dela nahikoa eta ekoizpen prozesuetan arazoak izaten dituztela azaldu zuen, batez ere fundizioetan.
Errotainek zaldi ibilbideak eskaintzen ditu eta azaldu zuen Urdiaingo Udalak Bernoako galtzada berreskuratu zuela eta haiek hura erabiltzen dutela eta, bide batez, galtzadaren historia azaltzen dute.
Halako lekukotza gehiago izan ziren. Iriberrik azaldu digunez, Sakanako Plan Estrategikoaren ekimenekin izandako onurak eta beharrak azaleratu nahi izan zituzten horrela. Proiektu eta behar mordo bat azaleratu ziren eta Behatokiaren bileran lehentasunak markatu zituzten.
Lehentasunezko proiektuak
Astearteko bileran proiektuen zerrenda lehen postuan bertako produktuen eraldaketa zentroa sortzea gelditu zen. Iriberrik zer den azaldu digu: "abeltzain eta nekazariek euren produktuak banaka eraldatu ezin dutenez taldeka egitea izan daiteke aukera eta, horrela, esnekiak, marmeladak, haragia edo dena delakoa merkaturatu daiteke". Sakanako Garapen Agentzia gaia lantzen ari da eta Nafarroako Gobernuaren eskualde aktibaziorako planen deialdira aurkeztu daitekeen egitasmoa izan litekeela azaldu digu. Etxarri Aranazko Udalarekin ere harremanetan dira, antza, lokal egokia du.
Sakanako Plan Estrategikoaren bidez zahartze aktiboa ere landu nahi dute eta gorago aipatu dugun Josefina Arregi klinikako funtzio-errehabilitazio unitatea potentziatzeko aukera bigarren gelditu zen.
Hirugarrena, ezpalen bidezko energia hornitzearen sustapena da. Arbizuko kiroldegian ezpalak erregai duten galdara bat jarri dute. Udalak ezpalak erosten ditu. Iriberrik azaldu digunez, "Iturmendiko Udalak bero sare bat sortu nahi du etorkizunean eta harekin hainbat eraikin berotu. Ezpalak erreko lukeen galdara bat edo bi lituzke. Ezpalak baso kudeaketatik lortu nahi dituzte. Eta hori da guretako interesgarriena, bertako baliabideak erabiltzea, biomasa kasu honetan". Iriberrik gogora ekarri du Lur Geroa enpresak Sakanako herrien biomasa gaitasuna aztertu zuela. "Hori eraldatuta guk erabili dezakegu. Egurra ezpaltzea udal batendako errentagarria ez bada, agian, hainbat herrietan ezpal-galdarak jarrita ezpaltzea elkarrekin egin daiteke".
Astearteko bileran Sakana Lanbide Heziketa institutuko ikasketa zerbitzuak ibarreko herri eskolekin sortutako kolaborazioa aitortu zen. Proiektuen artean ere azaldu ziren, besteak beste: herrietan taberna-dendak jartzea, natur bideen sarea, Lizarragako argindarra sortzeko mikro sarea eta beste.
Lehentasunezko beharrak
Aurreneko postuan jarri zuten kualifikatutako langileak lortzeko enpresa askok duten arazoa. "Ikasketa duala indarrean jarri da eta emaitzak emanen ditu, baina enpresek orain dute langile premia". Enpresekin lotutakoa da identifikatu zuten bigarren lehentasuna: argindar sareko potentzia muga handitzea industrian dituen eragin negatiboak desagertzeko. Iberdrolak Sakanako sareen potentzia handitzeko asmoa du, baina gertatu bitartean eguneroko premia da ibarreko lantegi askotan.
Mugikortasunari lotuta, egokitutako garraioren premia azaldu zen. Atzemandako hirugarren beharra prestakuntzarekin lotutako beste premia bat da: dependentzia edota mugikortasun arazoak dituzten pertsonen zainketarako trebatutako langileak izatea. Horren premiaz Oinarrizko Gizarte Zerbitzuek gaztigatu zuten.
Iriberrik azaldu digunez gai horri heltzeko Sakanako Industriarendako Prestakuntza Plan Estrategikoa lantzen hasi dira Cederna-Garalur, Sakanako Enpresarien Elkartea, Lanbide Heziketa institutua eta Sakanako Garapen Agentzia. "Joan den urtean Sakanako Enpresarien Elkarteak behar estrategikoak landu zituen eta orain, pixkanaka, aurrera aterako ditugu. Helburua kualifikatu langile sakandarrak lortzea da". Beste beharretako bat industrialdeetan wifia zabaltzea da.