Pentsio duinen aldeko mobilizazioek aurrera segitzen dute. Sakanan ere. Pasa den ostegunean 200 bat pertsonak Altsasuko udaletxearen parean elkartu ziren eskaera egiteko. Larunbat arratsaldean, berriz, adin guztietako makina bat sakandarrek Iruñeko bidea hartu zuten Nafarroa guztiko herritarrekin batera pentsio duinen eskaera ozen egiteko. Estatuko hiriburuetan mobilizazioak izan ziren.
Bestalde Nafarroako Pentsionistak Martxan eta Otsailak 22- Pentsiodunen Plataformak mozioa aurkeztu diote Altsasuko Udalari. Hiru eskaera dituzte. Lehena udalak "arbuia dezala pentsioen % 0,25eko igoera ziztrina eta erreklamatu dezala eros ahalmenari eutsi behar zaiola". Bigarrena, "1.080 euroko gutxieneko pentsioa ezartzea eska dezala, txirotasun atalasetik atera gaitezen, Euskal Herriari dagokion eran eta Europako Gutun Sozialak ezarria betez, eta hori gauzagarria izanen ez den bitartean, eska diezaiola Nafarroako Gobernuari, aipatu kopurua pentsiodun guztiek hilero eskura dezaten, behar den osagarria ezarri behar dela".
Horrekin batera, "Euskal Herriko Babes eta Gizarte Segurantza Sistema ezartzea" eskatu dute, "gero eta pertsona adindun gehiagoren pentsio publikoak eta behar dituzten zaintzak berma daitezen". Azkenik, heldu den urtean "ezarri beharko litzatekeen jasangarritasun faktorearen ezarpena arbuia dadila, zeinak gure pentsioei murrizketa berri eta handia ekarriko dien". Pentsio duinak ezartzearena "borondate politikoa" dela uste dute eta, horregatik, udalaren bidez gobernuei zuzendu nahi zaizkie.