Irurtzungo ur hornidura egokia bermatu eta ur ihesak eragozteko, Sakanako Mankomunitateak Iribasko iturburutik Irurtzungo ur-biltegira doan sarearen zati bat berritzeko lanen deialdia egin du. Lanak bere gain hartzen dituen enpresak lurra egonkortu, zulatu, lurrak mugitu, ur edangarriarendako eta hondakin-uretarako hoditeriak jarri beharko ditu. Lanek 500.032,82 euroko aurrekontua dute (BEZ kanpo). Enpresek euren eskaintzak apirilaren 4ko 14:00ak arte aurkeztu ditzakete. Lanak eskaintza onuragarrienari emanen zaizkio.
Bestalde, Arakil aldeko herrien ur hornidura ziurtatzeko, Sakanako Mankomunitateak Urdalurko ur sarea Irurtzunerantz luzatzeko egitasmoarekin segitzen du. Hurrengo lanak hoditeria hori Satrustegitik Etxarreneraino luzatzea izanen da. Lan horiek nola egin jakiteko Mank-ek proiektuaren erredakzioa egiteko deialdia egin du. Enpresa interesatuek euren eskaintzak apirilaren 3ko 15:00ak arte aurkeztu ditzakete. Deialdiaren aurrekontuan 27.000 eurokoa da (BEZ kanpo). Lan horiek heldu den urtean eginen lirateke.