Udalerri euskaldunetako gazteendako udalekua

Guaixe 2018ko api. 4a, 11:52

15 eta 18 urteko gazteendako eskaintza garilaren 10etik 17ra izanen da, Zestoako Sastarrain aterpetxean.

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) herrietako gazteek, hau da, Arbizuko eta Etxarri Aranazkoek, parte hartu dezakete Salto! udalekuan. Astebeteko egonaldia da antolatu dena, UEMAko herrietako  50 gazte bilduko dituena. Euskarak eta gozamenak elkartuko ditu gazteak. Aisialdiarekin eta euskal kulturarekin lotutako egitarau erakargarria prestatu du UEMAk, "gazteak gaiaren inguruan sentsibilizatuta, ahalduntze kolektiborako urratsa" emateko.

Salto! udalekuan izena eman nahi dutenek maiatzaren 9ra arte dute aukera. Horretarako, hezkuntza@uema.eus e-postara idatzi edo 943 816 699 telefonora hots egin daiteke (astegunetan, 08:00etatik 15:00etara). Izen-abizenak, helbide osoa, jaioteguna eta harremanetarako telefonoa eman behar dira. Izen emateako 249 euro balio ditu.

Aurrekaria
UEMAko herriak erdalduntzen ari direla ohartuta, herritarren kontzientziazioa eta sentsibilizazioa da UEMAren ildo nagusietako bat azken urteotan. Horren baitan, hezkuntza proiektua sortu zuen UEMAk duela bi urte, eta azken ikasturteetan herrietako ikastetxe guztietan aritu dira lanean UEMAko teknikariak. Ikasleen artean hizkuntza ekologiaren diskurtsoa zabaltzea eta arnasguneen garrantzia nabarmentzea da proiektuaren helburua, gazteei euskararen normalizazio prozesuan duten garrantzia ikusarazteaz aparte. Hezkuntza arautuaren mugak gainditu nahian, lastailean Salto! Gazte Topaketa antolatu zuen UEMAk estreinakoz. Asteburutik astera pasa da orain.