Etxetik kanpo, seniderik gabe, eta lagunekin egun gehien pasatzen duten lehen aldiak izaten dira udalekuak haur askorendako. Udarako haur eta gaztetxoendako aisialdi eskaintza zabala dago eta gurasoak horren berri era erosoan jasotzeko Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak gida bat osatu du, heldu den astean banatuko duena. Lehen Hezkuntzako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako ikasleendako euskarazko udalekuen eskaintza jasotzen du, bakoitzaren tokia, adina, datak, prezioa eta matrikula egiteko modua azaltzen da. Eskaintza horren barruan AEKren familia barnetegiak ere sartzen dira, euskalduntzen ari diren gurasoendako propio sortutako eskaintza.
Diru-laguntza
Euskara Zerbitzuak, aurten ere, euskara hutsezko udalekuetara joanen diren haurrei eta gazteei zuzendutako diru-laguntza emanen du. Diru-laguntza jasotzeko hainbat baldintza bete beharko dira, esaterako, udalekuek 5 eta 15 egun arteko iraupena izan behar dute eta garagarrilaren 15etik irailaren 30era bitartean egin behar dira. Bestelako txango, bidaia, kirol campus edo udaleku irekiak ez dira deialdi horretan sartuko. Euskara Zerbitzuak laguntza eskatzaileen artean 7.500 euro banatzeko aukera izanen du. Zehaztu du gehienezko laguntza 125 eurokoa izanen dela.
Euskaraz udalekuetara seme-alabak bidaltzen dituzten gurasoek gero diru-laguntza eskatu nahi badute honako dokumentazioa izan beharko dute: eskabide ofiziala beteta izatea, beste erakunderen batek arrazoi berdinagatik jasotako diru-laguntzaren aitortza, udalekura joandako guraso edo tutorearen nortasun agiriaren fotokopia, udalekuan egon denaren erroldatze agiria, udalekuaren ezaugarrien dokumentua antolatzaileak izenpetua, udalekuko asistentzia agiria eta haren gastua pagatu izanaren ordainagiria. Dokumentazioa Mank-en Lakuntzan duen egoitzan aurkeztu behar da. Horretarako epea irailaren 28ra arte izanen da. Informazioa, berriz, 948 464 840 telefonoan edo euskara1@sakana-mank.eus e-postan.