Tropel juniorra Altsasun bilduko da etzi

Guaixe 2018ko mar. 23a, 11:52

Sociedad Deportiva Alsasuak antolatutako LIX. Erramu Trofeoa dago jokoan

Sociedad Deportiva Alsasua (SDA) taldea igandeko jubenilen mailako LIX. Erramu Trofeoa antolatzeko azken lanetan murgildua dabil. Aurreko urtean ibilbidean aldaketak egitea erabaki zuen SDAk, proba Altsasutik maizago pasatzeko, eta izan zuen arrakasta ikusita iazko ibilbideari eutsi diote antolatzaileek. Lizarragako kateraino joan beharrean, Altamira hirutan igoko dute eta, guztira, zazpi aldiz pasako dira Altsasutik. Ibilbide aldaketarekin lasterketa herrian gehiago txertatu nahi izan dute, herrian lasterketa dagoela behin eta berriz sentitzeko eta herriko giroa hobetzeko.

LIX. Erramu Trofeoan parte hartuko duten juniorrak goizeko 11:00etan aterako dira SDA-ko egoitzatik. Urdiainera iritsita, igerilekuetako bidea hartuko dute eta San Pedrotik Altsasura iritsiko dira. Bitan egingo dute bide hori. Ondoren, Olaztira joko dute, handik Altamira igotzeko. Urdiaineraino iritsiko dira, atzera ere San Pedroko bidea hartzeko. Bitan egingo dute buelta hau. Ondoren, Zegamako bidea hartuko dute, eta bidegurutzean buelta hartu, atzera ere Altsasutik pasatzeko. Eta, bukatzeko, Altamirara azkeneko igoera egingo dute eta Altsasura sartuko dira, San Juan kaletik sartu eta Sociedad Deportivako egoitzan egongo den helmugara heltzeko. Guztira 77,3 km osatuko dituzte juniorrek eta bi ordu pasatxo behar izango dituztela aurreikusten da.

Proban junior mailako txirrindulari onenak bilduko direla espero da. Tartean egonen dira Quesos Albeniz eta Intersport Irabia talde sakandarreko juniorrak, Josu Etxeberria eta Ailetz Lasa tartean, euren ezkutari fidelekin batera. Behin proba bukatuta, sari ematea izango da Sociedad Deportivako egoitzan. Lasterketa antolatzeko Altsasuko Udalaren, Nafarroako Gobernuaren, Katealderen eta Cajanavarra Fundazioaren eta hainbat babesleren laguntza izan du SDAk.