Martijak onartu du oso zaila dutela, baina orain arte egindako lanarengatik kontentu dago

Guaixe 2018ko mar. 23a, 11:21

Elezkano II.a-Rezustak eta Altuna–Martijak atzo egin zuten material aukeraketa eta Amezketakoak gaur azalduko du igandeko finalerdia jokatzeko moduan egongo den ala ez

Finalerdietako ligaxkako azkeneko jardunaldian Elezkano II.a eta Rezusta izango dituzte aurkari Altuna III.ak eta Martijak igandean Ogetan. Atzo material aukeraketa egin zuten. Altuna III.ak kolpe latza hartu zuen azken partidan, belaunean, eta gaur jakinaraziko du igandean jokatzeko moduan egongo ote den edo Jakak ordezkatuko duen. Nolanahi ere, finalean egotea oso konplikatua  dute Altuna III.ak eta Martijak, eta jakitun dira: Olaizola II.ak eta Imazek larunbatean irabazi beharko lukete eta eurek 22-3 edo emaitza hobea lortzea. Oso zaila, beraz. Hala ere, orain arte egindakoarekin kontentu daude. “Txapelketa hasi aurretik sinatuko nuen honaino iristea, ez nuen espero hona iristerik, eta gustura nago eginiko lanarekin. Baina, finalerdietara iristen zarenean, beti nahi izaten duzu beste pausu bat eman” adierazi zuen Julen Martijak. Izan ere, Etxeberriko pilotariak debut ikusgarria egin du Binakakoan.

Binakako Txapelketako pilotari gazteena dugu sakandarra, eta ezusteko handiena eman duena, onerako. Finaletik hain gertu bukatzea, ezustekorik ez bada, bizkarreko galanta izan da. “Aurreko partidaren egunean triste nengoen, baina hurrengo egunean burua altxatu behar duzu. Badakigu zer daukagun, eta ahalik eta hobekien bukatzen saiatuko gara” adierazi zion Berria egunkariari.

Txapelketaren balantze ona egin du Etxeberrikoak. “Espero baino hobea. Banekien txapelketa luzea izango zela, eta pentsatzen nuen eskuetatik edo fisikoki sufrituko nuela, baina ongi bukatu ditut ia partida guztiak. Balantzea nahiko positiboa da, finalerdietan, agian, beste partidetan bezain fin ibili ez naizen arren”.