Ezkurdia eta Zabaleta, finalera

Guaixe 2018ko mar. 26a, 10:20
Argazkia: Borja Agudo.

Sakandarrak Olaizolaren eta Imazen gainetik pasa ziren (7 eta 22), partida ikusgarrian. Altuna III.a eta Martija irabazteko nahikoa lan izan zuten Elezkano II.a eta Rezusta izango dituzte aurkari Binakako final handian

Ikusgarri. Horrela aritu ziren Joseba Ezkurdia eta Jose Javier Zabaleta larunbatean Aimar Olaizolaren eta Ander Imazen kontra. Sakandarrek oso bikote sendoa osatu zuten, txapelketako euren partidarik onena jokatu zuten eta 7 eta 22 irabazi zieten zur eta lur zeuden Olaizolari eta Imazi. Finalerako sailkatu dira, meritu handiz, eta atzo Altuna III.ari eta Martijari irabazteko nahikoa lan izan zuten Elezkano eta Rezusta izango dituzte aurkari final handi horretan.

Materialaren inguruan polemika zegoela jokatu zen Binakako finalerdietako 3. jardunaldia. Ezkurdia eta Zabaleta kexatu egin ziren euren partidarako Martin Alustizak aurkeztutako pilotekin. Olaizola eta Imaz gustura zeuden aukeratutakoarekin; ez, ordea, sakandarrak. Ez aukeratzekotan egon omen ziren eta euren haserrea azaldu zuten. Horrela, pentsatzekoa zen partida Olaizolaren eta Imazen alde joan ahal zela, nonbait materialak haiei mesede egiten zielako. Baina inondik inora. Partida hasieratik aurrea hartu zuten sakandarrek eta nagusi izan ziren partida guztian barna, aitzakiarik gabeko materialarekin.

Ezkurdia, maisu
Txapelketako euren partidarik onena jokatu zuten sakandarrek. Aimar ekiditea, hori izan zen euren estrategia eta ondo atera zitzaien. Zabaleta, ikusgarri, sekulako pilotakadak jotzen hasi zen eta Ezkurdiak ere ederki astindu zuen pilota, atzelaria estutzeko. Imazek nahikoa lan izan zuen erasoak aguantatzen, eta hasieran ongi erantzun zuen; hala ere, ez zen nahikoa izan tantoak frontisera eramatearekin, aurreko koadroetan Ezkurdiak tantoa bukatzen asmatu baitzuen. Zabaleta jaun eta jabe izan zen atzean eta Ezkurdia izan zen partidako protagonista: koska bat egin zuen gora arbizuarrak, sendotasun handiz aritu zen, bikotearen zama bere gain hartu zuen, dena atera zitzaion ongi eta maila bikaina eman zuen. Aldiz, Olaizola jokoz kanpo aritu zen. Pilotarik ezin hartu ibili zen goizuetarra, eta bere atzelaria laguntzeko airera sartu zen jokaldietan ere ez zen horren fin ibili; bere mailatik urrutien aritu zen pilotaria izan zen larunbatean eta inpotentzia, hori izan zen bere sentimendua.

Horrela, Aspekoek alde polita lortu zuten hasieratik. 4 eta 12 aurreratu ziren. Atzean Zabaletak agindu zuen eta Ezkurdia bikain aritu zen erasoan eta baita defentsan ere. Olaizolak eta Imazek partidari buelta emango ziotela uste zuten pilotazaleek, baina ez zen hori gertatu. Tanto ikusgarriak eginez, luzitzeko aukera izan zuten sakandarrek eta 7 eta 22 irabazita, finalera sailkatu ziren.

Oso kontentu
Kontentu zeuden sakandarrak, ezin sinetsi. “Nahita ere ez genuen lortuko finalerdietara horren sasoi onean iristea. Txapelketa hasiera zaila izan zen guretzat, larri ibili ginen sailkatzeko, finalerdietako aurareneko partida ere galdu egin genuen… baina sentsazio oso onak izan ditut gaur. Txisparekin ateratzen zitzaidan pilota, hankak ere oso azkar… eta Joserekin jokatuta dena errazagoa da” aipatu zuen Ezkurdiak. Materialaren inguruan bi sakandarrek azaldu zutenez, “guk nahi genuena ez genuen aurkitu eta horregatik kexatu ginen. Hortik aurrera, dagoenarekin jokatu beharra dago”. Beste aldean, Olaizola eta Imaz penatuta zeuden. “Txapelketa ona egin dugu, gure esku genuen baina ez dugu asmatu” aipatu zuen goizuetarrak.

Elezkano eta Rezusta, gutxigatik
Finalerdietako ligaxkako 3. jardunaldiko beste partidan erabaki zen finalerako beste finalista. Altuna III.ak eta Martijak bazekiten ezinezkoa zutela finalera sailkatzea. Beraiek irabaziz gero, Olaizola eta Imaz sailkatuko ziren finalerako, eta Elezkano eta Rezustak irabaziz gero, Aspekoak. Gehienek uste zuten tramitezko partida hutsa izango zela Ogetakoa, bi bikoak Aspekoak izanik Elezkanok eta Rezustak garaipen erraza lortuko zutela, Altunak aurreko partidan hartutako kolpea kontuan izanda, Altunak eta Martijak ez zutela euren maila emango. Baina inondik inora. Profesional hutsak zirela erakutsi zuten Altunak eta Martijak eta partida irabaztera atera ziren hasieratik. Ez zuten amore eman eta oso zail jarri zizkioten gauzak Elezkano eta Rezusta bere taldekideei. Bikain jokatu zuten Altuna III.ak eta Martijak eta 18 eta 21 aurreratu ziren; aldiz, presiopean ibili ziren Elezkano eta Rezusta, erremolkean; txapelketan izandakoaren itzala izan ziren. Izugarri izerditu behar izan zuten eta estu eta larri ibili ziren, Altuna eta Martija ikusgarri aritu zirelako. Azkenean, tanto oso lehiatu eta ikusgarrietan, Elezkanok eta Rezustak berdintzea lortu zuten eta bihotzekoak emateko moduko azken tantoan, garaipena lortu zuten, finalera sailkatzea balio izan ziena. Eskuak burura eraman zituen Elezkanok, pasa zuten urduritasunaren seinale.
Bere aldetik, Altuna III.ak eta Martijak txapelketa bikaina egin dute eta sekulako itxura emanda despeditu zuten euren lana.

Finala
Ezkurdia-Zabaletak eta Elezkano-Rezustak apirilaren 8an jokatuko dute Binakako final handia, Bilboko Bizkaia pilotalekuan.