Erramu Trofeoa Josu Etxeberriarendako

Guaixe 2018ko mar. 26a, 13:23

Argazkia: Toño de la Parra.

Aralar klubeko Iturmendiko txirrindulariak Sociedad Deportiva Alsasuak antolatutako 59. Erramu Trofeoa irabazi zuen, Altsasun

102 txirrindularik hartu zuten parte Sociedad Deportiva Alsasuak (SDA) antolatutako 59. Erramu Trofeoan (77, 3 km). Euskal Herriko taldeez gain, Kataluniako, Madrilgo eta Huescako taldeak aritu ziren proban. Tartean Altamira hirutan gainditu behar izan zuten txirrindulariek eta Urdiaindik Altsasuko bidea San Pedrotik egin zuten. Euriak, haizeak eta hotzak izugarri gogortu zuten proba eta horren isla, 102 txirrindularietatik soilik 35 txirrindularik lortu zuten proba despeditzea.

Altsasutik zazpitan pasa ziren txirrindulariak, bildutakoen txalo zaparrada artean. Pasa bakoitzean txirrindulari gutxiago zeudela nabarmena zen. Aralar txirrindularitza klubeko Intersport Irabia taldeko Josu Etxeberriak ikuskizun ederra eskaini zuen eta bakar-bakarrik iritsi zen helmugara (2:04:35). 9 segundo atera zizkion Turismo Villanua taldeko Pau Miqueli eta 46 segundo Elproex taldeko Jon Sanchezi. 2 minutu eta 5 segundora sartu zen lehen tropela. Bertan zeuden Burunda klubeko Quesos Albeniz taldeko Ailetz Lasa, 8. postuan, eta Intersport Irabiako Urko Gorriti, 13. postuan. Intersport Irabiako gainontzeko txirrindulariei dagokienez, Inhar Astitz 19.a sartu zen, Beñat Etxezarreta 21.a, Iker Cerviño 25.a, Javier Mitxaus 26.a eta Xabier Mauleon 31.a.

Taldekako sailkapenean Turismo Villanuak irabazi zuen, Intersport Irabiaren aurretik, eta mendiko sailkapena Pau Miquelendako izan zen, Josu Etxeberriaren aurretik.

SDAko probako koordinatzaile Felix Mazkiaranek onartu zuenez, “lasterketa gogorra izan da, eguraldiagatik, baina guztia atera da ongi”. Lasterketan lagundu zuten boluntarioei, Foruzainei, DYA Sakanari, Altsasuko Udalari eta Altsasuko udaltzainei ere eskerrak eman zizkien.