Andra Marik eta Iñigo Aritzak txapela bana Nafarroako Kirol Jokoetan

Guaixe 2018ko mar. 27a, 15:00

Iñigo Aritzak kadeteen herri kirol proba konbinatua irabazi zuen eta Andra Marik haur mailako sokatira txapelketa. Andra Mari txapeldunordea izan zen kimuen eta kadeteen mailako proba konbinatuetan eta kadete mailako sokatiran

Igandean Nafarroako Herri Kirol Jokoetako final handiak jokatu ziren Mugairin. Txapelketan Nafarroako 11 kirol taldeetatik sortutako makina bat talde lehiatu dira, tartean Sakanako Andra Mari eta Iñigo Aritza ikastolakoetakoak. Etxarri Aranatz, Betelu, Antsoain eta Berako jardunaldien ondoren, igandean erabaki zen txapelketa, Mugairin.

Herri kiroletan txapela bat Sakanara
Herri kirol proba konbinatuak aintzat hartuta, kimuen mailan txapelketan barna 17 talde lehiatu dira baina lehen lau sailkatuek jokatu zuten finala. Igantzik irabazi zuen txapela (6:48), Andra Mari 5 taldeari 9 segundo aterata (6:57). Andra Mari 7 izan zen hirugarrena (7:08) eta Antsoain B laugarrena (7:27). Haurren mailan txapelketa jokatu duten 13 taldetatik sailkatu ziren lehen lauak jokatu zuten finala. Basaburua gailendu zitzaien (8:46), Araxesi (8:57), Andra Mari 3 taldeari (9:00) eta Berriozar A taldeari (9:37). Kadeteen mailan lau taldek jokatu zuten finala eta Iñigo Aritza ikastola izan zen txapeldun handia (15 puntu), Andra Mariri puntu bat aterata (14 puntu). Basaburua izan zen hirugarrena (13 puntu) eta Anaraberri laugarrena (8 puntu).

Sokatiran beste txapela bat
Sokatiran haur mailako finalerako (480 kilo) sei talde sailkatu ziren. Tiraldi ikusgarriak egin eta gero, Andra Mari 3 taldea izan zen txapelduna, Berriozar eta Andra Mari 4 taldeen aurretik. Basaburua laugarrena sailkatu zen, Araxes bosgarrena eta Iñigo Aritza seigarrena.

Eta kadete mailan (540 kilo) Basaburua izan zen txapelduna, Andra Mari 1 eta Iñigo Aritza taldeen aurretik. Anaraberri laugarrena sailkatu zen eta Andra Mari 2 bosgarrena.

Hortaz, txapelketa bikaina egin dute gure taldeek. Podiumak aintzat hartuta, Andra Marik txapel bat lortu du haur mailako sokatiran eta txapeldunordea izan da kadete mailako sokatiran, kimuen herri kirol konbinatuan eta kadeteen herri kirol konbinatuan. Bestalde, hirugarren postua lortu du kimuen proba konbinatuan, haurren proba konbinatuan eta haurren sokatiran. Eta Iñigo Aritzak txapela jantzi zuen herri kirol proba konbinatuko kadeteen mailan eta hirugarrena sailkatu zen kadete mailako sokatiran.