Aralarko santutegian Aste Santurako dena prest dago

Guaixe 2018ko mar. 28a, 11:52

Bihartik igandera bitartean mezak izanen dira. Aingeruak 300 herrietara eramango duen bidea hasiko du igandean

Aste Santuarekin batera kristau fededunendako data garrantzitsuak heldu dira. Aparteko elizkizunak izanen dira batean eta bestean. Aralarko Deun Mikel Kofradiak jakinarazi duenez, egun horietarako eskaintza berezia izanen da Aralarko santutegian. Ostegun eta Ostiral Santuan 17:00etan izanen da meza. Larunbat Santuko elizkizuna 20:00etan izanen da eta igandekoa, Pazko Egunekoa, azkenik, 12:30ean. Azken horren akaberan Aralarko aingerua gurtzeko aukera izanen da.

Aralarko aingerua martxoaren 3an Arruazu bisitatu zuenetik herriz herri ibili bada ere, Nafarroako geografian barnako irteera igandean irudikatuko da, 16:30ean santutegia utzi eta Baraibarrerako bidea hartzen duenean, 9 km egiteko. Hori da oinez egiten den ibilaldi bakarra. Pazko astean Larraun eta Araitz ibarretan izanen da aingeruaren irudia. Hura Uharte Arakilera apirilaren 7an bueltatuko da, 19:45ean. Hurrengo igandean Uhartetik Oskiako ermitara errogatiba egin eta, ermitan, 12:00etan, meza izanen da.