Ilargia ez dago hodeian

Ricardo Areta Urrestaratzu 2018ko mar. 29a, 08:22

kolaboratzaileak

Oroimen birtualaren garaian, zeinetan dena hodeian dagoen eta gure lagun onenaren telefonoa gogoratzeko gai ere ez  garen, gogora ekartzea errendimendu handiko ariketa da.
Sareen sarera jo dut lerro hauek idazteko asmoz, baina hutsune handia dago, beraz gaurkoan burua estutu beharrean nago…
Kotxe bat iristen da eta bi txima luze jaisten dira, batek ontzi bat eta erratz bat darama, besteak, maletategia ireki eta kartel bat ateratzen du. Papera kolaz busti eta erratzaren laguntzarekin paretan itsasten dute, aurreko astekoa estaliz. Abendua da, aurten ere Hertzainak izanen da 25ean Ilargin.
Larunbatetan diskoteka dago, baina ostiral edo igandetan, Lakuntzan koloretako krestak, larruzko txupak, bota militarrak, iltzez betetako eskumuturrekoak, bonbers-ak, marzelinoak, palestinoak, safariak eta lauki txuri-beltzadun tiranteak nagusitzen dira. Guztiek sarrera aurretik eskuratu nahi dute, kanpoan ez gelditzeko. Egun gezurra dirudi arren, igandeetan “beteta” kartela zintzilikatzen zen.
Euskal rok radikalaren talde famatuenak guztiok ezagutzen ditugu, gertukoak dira eta ohiko kontzertuen egutegia osatzen dute: Tijuana in blue, Eskorbuto, Potato, Kortatu, Cicatriz, Tahúres Zurdos, Los Bichos, Barricada… bakoitzak bere tribua mugitzen du eta giroa ziurtatua dago.
Pablo Cabezak “Bat, bi, hiru” orrialdeen bitartez (Egin egunkariaren musika gehigarria) Lakuntzako oholtza gainean arituko diren atzerritar taldeen berri ematen digu. Programazioak estilo guztiak hartzen ditu. Exploited, The Goodfathers, Doctor Feelgood, Bad Maners, Angelic Upstairs, The Toy Dolls, The Lords of the New Church eta musika talde multzo ugaria eta anitza, Sakanako belaunaldien musika zaletasunean eraginen duten estilo eta soinuak hurbilduz.
Entzuleak fidelak eta sarreraren prezio onargarriari esker, aretoa beteko dela ziurtatua dagoen arren, ehundaka pertsona kalean gelditu ziren hiru kontzertu izan ziren. Los Ramones, Los Suaves eta Mano Negra taldeekin lekuak gainezka egin zuen. Azkeneko hauek, izar handien estereotipoak alde batera utzita, 7 patata – tortila eta 11 botila Jack Daniels eskatu zituzten kamerinoan hartzeko.
Sarean ez bada, egia izango ote da? Benetan bizi izan genuen ala amets bat da? Instagram, Wathsapp edo Facebook erabili gabe milaka pertsona mobilizatzeko gai izan al gara noizbait? Egun gezurra dirudi, baina bai. Ilargi, Euskal Herriko 80. eta 90. hamarkadetako programazio musikalaren erreferentea izan zen.