Kukaik Aralarren mustuko du lan berria

Guaixe 2018ko mar. 29a, 12:26

Kukai dantza taldeak "Erritu" lan berria Aralarko santutegian mustuko dute apirilaren 30ean eta maiatzaren 1ean, 18:30ean. Nafarroako Dantza Garaikideko jaialdiaren barruko emanaldiek sarrera mugatuak dituzte eta autobusak antolatuko dira

DNA - Nafarroako Dantza Garaikidearen Jaialdiaren hirugarren edizioa Kultura Zuzendaritza Nagusiak–Vianako Printzea Erakundeak bultzatutako jaialdia da, Nafarroan sorkuntza garaikidearen berreskurapena sustatzea xede duena. DNA apirilaren 29an hasi eta maiatzaren 13ra arte iraunen du. Egitarauak 20 ikuskizun, tailerrak, topaketak, hitzaldiak eta artisten erresidentziak hartzen ditu bere baitan.

Horien artean erabateko estreinaldiak ere izanen dira, esaterako, Kukai dantza taldearen, Sharon Fridman koreografoaren eta David Azurza kontratenorearen elkarlanetik sortutako Erritu. Ikuskizun horren mundu mailako mustutzea Irurtzungo, Etxarri Aranazko, Altsasuko eta Olatzagutiko kultur teknikariek eta Sakanako Garapen Agentziarekin (SGA) batera lotu dute.

Zergatia
DNAk Nafarroako dantza garaikideari ikusgarritasuna eman eta publikoa hezteaz aparte, komunitatea eta ekologia, naturarekin eta iraunkortasunarekin harremana sakontzea du helburu. "Sakana horren egi garbia izanik, mustutzea egiteko Aralarko santutegia baino antzoki hoberik ez dago" esan digu SGAko Aintzane Iriberri Berrostegietak. Ikuskizunaren "garrantzia" ikusita, Iriberrik "amets polita errealitate bihurtzeko Sakanako kultur eragile guztien elkarlan sutsuak egindako antolaketa eta kudeaketa lana" azpimarratu du. Kultura Ministerioak joan den urtean dantza sari nazionala eman zion Kukairi eta harekin batera Sakanako artistak ere izanen dira ikuskizunean. Horien artean, antza, Etxarri Aranazko abesbatza. Horregatik, mustuko den obrak, aldi berean, dantza, abesbatza musika, paisaia eta arkitektura uztartuko ditu.

Kukairen ekoizpen horretan Jon Maya Sein zuzendariaren esanetara sei dantzari ariko dira Sharon Fridmanen koreografiak dantzatzen: Urko Mitxelena, Nerea Vesga, Eneko Gil, Izar Aizpuru, Alain Maya, Ibon Huarte. David Azurzak zuzenean kantatuko du eta musikaz Luis Miguel Cobo arduratuko da. Jantzien diseinua Ikerne Jimenezena izan da. Eszenografia, berriz, 4 Play Arquitecturak egin du eta arlo teknikoaz David Bernues eta Angel Aguero arduratu dira. Kukairen dantza ikuskizun berriak 60 minutuko iraupena du.

Sarrerak non eskuratu daitezke?
• Irurtzungo udaletxea.
• Etxarriko udaletxea.
• Iortia kultur gunea eta www.iortiakultura.com/eu/
• Olatzagutiko udaletxea.

Ikusleendako toki mugatua
Emanaldiko 350 sarrera izanen dira. Aralarko santutegira auto partikularretan ez joatea aholkatu da eta jarritako garraio publikoa erabiltzea. Horrela, santutegira sarbidea eta ikuskizunaren leku aldaketa posibleak erraztuko dira.

Autobusen ordutegia
sarrerarekin bat autobuserako txartela emanen da. 17 eurotan guztia. Autobusak Iruñeko autobus geltokitik 17:15ean abiatuko dira. Errenteriako Zumardiatik 17:00etan. Eta honakoa da  autobusak Sakanan eginen duen ibilbidea:

• Olatzagutia 17:15.
• Altsasu 17:20.
• Etxarri Aranatz 17:30.
• Uharte Arakil 17:40.
• Irurtzun 17:50.
• Aralarko santutegia 18:40.