Sakanako batua ikasteko ikastaroa apirilean

Guaixe 2018ko api. 3a, 12:02

Ilbeltzean egitekoa zen prestakuntza apirilaren 18an eta 25ean eginen da, 15:30etik 17:00etara.

Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak Sakanako euskara batuari buruzko saioa antolatu zuen ilbeltzerako, baina orduan ezin izan zen egin eta apirilean eginen dela iragarri du, 18an eta 25ean, 15:30etik 17:00etara, Mank-en Lakuntzako egoitzan.

Koldo Zuazo hizkuntzalariak, filologian doktorea, tokiko batuei edo hizkuntza estandar lokalari buruz hizketatuko da bi saio horietan. Hau da, "hiztunei zuzendutako ahozko eta idatzizko jardunetan, bertako hitzak, esapideak, eta bereizgarri fonologiko, morfologiko eta sintaktikoak kontuan hartzea" proposatuko du. Sakanako batua egiteko "kontuan hartu eta erabili behar diren ezaugarriak" zein diren azalduko du Zuazok ikastaroan, besteak beste: fonologikoak, morfologikoak, sintaxia eta lexikoa.

Ilbeltzean izena eman zutenek ikastaroan lehentasuna izanen dute. Hala ere, oraindik ere tokia badago. Izena apirilaren 16ra arte eman daiteke 948 464 840 telefonora hots eginez edo euskara@sakana-mank.eus web orrira idatziz. Ikastaroa dohainik da.