Sakandarrak presente zeudela, Gure Esku Dagok Nafarroarako aurtengo erronkak aurkeztu zituen larunbatean. EtorkiZUna nafarron esku lelopean eginen direnak. Nafarroako bozeramaile Anabel Arraizak eta Aitor Urrutiak azaldu zutenez, “erabakitzeko eskubidea gauzatzearen aldeko borondateak pilatzen ari dira, urtetik urtera gehiago. Nafarroan bertan erabakitzeko nahi eta beharra gero eta argiago azaltzen ari dira azken aldian”. Hori horrela, lau lan ildo nagusi jorratuko ditu Gure Esku Dagok aurten Nafarroan: herri galdeketak, Herritarron Ituna, garagarrilaren 10an Donostia, Bilbo eta Gasteiz lotuko dituen giza katea eta Iruñeko Gaztelu plazan maiatzaren 19an eginen den giza-armarria.
Giza katean parte hartu nahi duten sakandarrek Lautada eta Gasteiz artean egonen dira. Parte hartzeko herrietako taldeen edo www.gureeskudago.eus web orriaren bidez egin daiteke.
Iruñeko ekimenean kioskoa erdigunea dela, Nafarroako armarri bat osatu nahi da kamixeta gorriak jantzita duten pertsonekin. Nafarron erabakitzeko borondatea agerian utzi nahi da horrela eta giza katean parte hartzea sustatu nahi dute horrela.