Ezkurdia eta Zabaleta, txapeldun handiak

Guaixe 2018ko api. 9a, 12:20

Ezkurdiak eta Zabaletak Binakako Txapelketa irabazi zuten, merezita. Partida borobila egin zuten eta 22 eta 9 hartu zituzten menpean euren maila eman ez zuten Elezkanori eta Rezustari

Atzokoa arratsalde borobila izan zen sakandarrendako. Bilboko Bizkaia pilotalekuan Binakako Pilota Txapelketako finala zegoen jokoan eta Joseba Ezkurdia eta Jose Javier Zabaleta txapeldun ikusteko gogoa genuen sakandarrek. Etxarren, Irurtzun, Arakil eta Arbizutik zale asko hurbildu ziren Bilbora, asko autobusez. Eta Bilbon egoteko aukera izan ez zutenek Sakanan jarraitu zuten partida, taberna eta elkarteetan askok, eta etxeetan beste guztiek. ETB1aren zuzeneko emisioari adi-adi begira guztiak.

Artekariek ziotenez, dirua paretsu atera zen, akaso Ezkurdiaren eta Zabaletaren alderago, 100-80ra. Horrela, final orekatua aurreikusten zen. Elezkano eta Rezusta txapelketa bikaina egitetik zetozen, nahiz eta finalerdietan juxtuago ibili. Aldiz, Ezkurdiak eta Zabaletak behetik gora egin zuten txapelketan. Ez ziren oso ongi hasi, baina, gutxinaka, bikote sendoa osatu zuten eta finalerdietan ikusgarri ibili ziren. Partida hasi baino lehen Irujok zioen oso irekia ikusten zuela finala. Ezkurdiak eta Zabaletak behetik gora egin zutela aipatu zuen, baina txapelketan Elezkanori eta Rezustari ez zietela irabazi. Azken hauek oso ongi ibili zirela, baina azken partidetan behera egin zutela. Horregatik, edozein izan zitekeela txapelduna.

Bitartean, frontoia betetzen hasi zen. Arbizuarrek egunerako propio kamiseta gorri bereziak egin zituzten, eta hura izan zen sakandarren aldeko kolorea, gorriz jokatzen baitzuten Ezkurdiak eta Zabaletak. Arakildarrek eta arbizuarrek euren pilotarien aldeko pankartak eskegi zituzten eta Altsasuko auzian auzipetutakoen aldeko banderak ere ikusi ziren Bizkaia frontoian.

Hasieratik hartu zuten aurrea
Lehen tantoa Ezkurdiak eta Zabaletak egin zuten baina bana berdindu zuten Elezkanok eta Rezustak. Hori izan zen parean egon ziren aldi bakarra, hortik aurrera pilotari sakandarrak aldea ateratzen hasi baitziren. Ezkurdia bikain aritu zen, jokoa ezin hobeto antolatu zuen eta dinamita hutsa izan zen. Zabaletak primeran lagundu zion eta pilotakada izugarriak egin zituen Etxarrengoak.   Jokoz kanpo utzi zituzten Elezkano eta Rezustak. Hauek ez zuten inondik inora bere maila eman, Rezustak bereziki. Deseroso ibili zen gipuzkoarra, partidan ezin sartu. Puntako atzelaria ez zegoen bere onenetan eta akatsak pilatzen hasi zen. Ia konturatu gabe 7 eta 1eko aldea atera zuten sakandarrek, eta egoerak bere horretan jarraitu zuen, 18 eta 4 aurreratzea lortu baitzuten. Egia esan, ez zen partida ona izan, Elezkano eta Rezusta ez baitziren fin ibili. Baina partida borobila egin zuten sakandarrek. 18 eta 4 galtzen ari zirela, 4 tanto egin zituzten jarraian Elezkanok eta Rezustak eta partidari buelta ematekotan egongo zirenaren itxaropena piztu zitzaien euren zaleei. Baina inondik inora. 19. tantoa egitea lortu zuten sakandarrek eta hortik zuzenean 22raino joan ziren, frontoi ia osoak “Altsasukoak askatu” oihukatzen zuen bitartean eta zale sakandarrek frontoira salto egiten zuten bitartean, euren lagunak zoriontzeko.

Hasieratik aurrea hartzea, hori gakoa izan zela nabarmendu zuten Ezkurdiak eta Zabaletak. “Guztia nahiko ongi atera zaigu, hasieratik oso ongi hasi gara. Sentsazioak onak ziren hasieratik. Jose momentu bikainean dago, txisparekin eta pilotari sekulako abiadura emanez” adierazi zuen Ezkurdiak. Zabaletak, aldiz, arbizuarraren dohainak nabarmendu zituen. “Josebak hasieratik ezarri du partidaren erritmoa eta horrek partidan sartzera bulkatu nau” zioen Etxarrengoak. Izan ere, partidako onena izan zen arbizuarra. Bestalde, Rezustak ez zuela bere maila eman nabarmendu zuen Zabaletak. “Ez da bere eguna izan. Ez da partidan sartu eta espero ez genuen Beñat Rezusta ikusi dugu” aipatu zuen Etxarrengoak. “Hasieratik aurrea hartu dugu eta horrek gauzak erraztu dizkigu” gaineratu zuten biek.
Bestalde, Elezkanok eta Rezustak onartu zuten ez zirela ongi aritu. “Pena izan da gure maila eman ez izatea. Galtzea baino gehiago, partida ona egin ez izateak ematen digu pena. Beraiek hasieratik izan dira nagusi. Konturatzerako, tanto askoren aldearekin ari ginen galtzen. Merezimendu osoz irabazi zuten” azpimarratu zuen Elezkano II.ak. Rezustak, bere aldetik, onartu zuen partida guztian deseroso ibili zela, guztiz dominatuta. “Eta horrela, ezinezkoa” gaineratu zuen.

Hunkituta
Oso hunkituta zeuden Ezkurdia eta Zabaleta. Arbizukoarendako bere lehen txapela zen; bigarrena, aldiz, Zabaletarendako, Irujorekin batera beste bat baitzuen. Oso pozik zeudela onartu zuten biek. Ezkurdiak familia, lagunak, pilotariak eta beste izan zituen gogoan, zendutako bere lehengusua era osaba bereziki. “Txapel hau lortzeko lan asko egin behar izan dut. Denetatik entzun behar izan dut, partida erabakigarrietan ez nuela maila ematen eta beste. Baina nik nirean jarraitu dut, lanean, eta, azkenean, saria iritsi da. Txapela hau izugarri disfrutatuko dut, asko kosta baitzait lortzea. Nire lehengusu Alberto eta Juani opa diet txapela, kirol honetan aritzea animatu ninduten eta dauden tokian daudela animatuko zidatelako” azaldu zuen arbizuarrak, emozioari ezin eutsiz. Zabaletak oso kontentu zegoela adierazi zuen, bere bigarren txapela “lagun handi batekin” lortu duelako. “Akaso ez dut gehiegi adierazten, baina pozik nago” gaineratu zuen. Bi pertsonei eskaini zien bere txapela, izena eman gabe.

Bitartean, zale sakandarrak pozarren pozez zeuden Bilbon, txapelak gogoz ospatzen. Autobusa eta autoak hartu eta Arbizura abiatu ziren guztiak, Zabaletak eta Ezkurdiak elkarrekin ospatu baitzuten txapela, Arbizun.  Harrera bikaina egin zieten, aurreskua eta guzti, eta Arbizuko frontoian bildu ziren 250 lagun inguru, afaltzera. Parrandak ordu txikietara arte iraun zuen, baina Zabaletak lehenago hartu zuen erretiroa, gaur partida jokatuko baitu, Zumaian. Irribarriarekin ariko da Zabaleta, Altuna III.aren eta Rezusta ordezkatuko duen Martijaren kontra.

Argazkiak: Aspe eta Katrin Ginea.