Sakandarrak Paris-Roubaixen

Guaixe 2018ko api. 9a, 15:59

Imanol Erbiti 30.a sailkatu zen profesionalen mailako proba gogorrean eta Josu Etxeberriak junior mailakoan debutatu zuen

Atzo jokatu zen Paris-Roubaix klasikoa, “galtzadarrien lasterketa”, “infernua” eta beste hainbat ezizenez ezagutzen den proba gogorra, 257 kilometrokoa, horietatik 54 galtzadarrizko eremuetan. Klasikoen klasikoak sekulako emozioa izan zuen eta ez ziren falta izan ohikoak diren erorikoak eta beste. Azkenean munduko txapeldun Peter Saganek irabazi zuen proba (5:54), Silvan Dillierrekin esprint estua izan eta gero. Movistar Team taldeko Imanol Erbitik proba despeditzea lortu zuen eta 30.a sartu zen Hiriberrikoa, lasterketa bikaina eginda eta nekeak jota, 4:23ra. Proban aritu ziren Estatu Espainiarreko 6 txirrindularietatik lasterketa bukatu zuen bakarra izan zen Erbiti. Bestalde, aipatzekoa da Michael Goolaerts txirrindulariak erorikoa izan zuela eta gauean hil egin zela ospitalean.

Josu Etxeberria Paris-Roubaix juniorrean
Baina txirrindulari profesionalez aparte, munduko junior mailako txirrindulari onenek hartu zuten parte Paris-Roubaix lasterketa ezagunean, galtzadarrien proban. 111 km-ko etapa jokatu zuten juniorrek, eta azken kilometroak profesionalek beranduago jokatu zituzten berberak izan ziren. Guztira, galtzadarriz jositako 29 km izan ziren, 16 galtzadarrien eremutan. Bertan aritu ziren Espainiako junior selekzioko kideak, Josu Etxeberria tartean. Honakoa sekulako aukera izan da Etxeberriarendako. Zoritxarrez Iturmendikoak ezin izan zuen proba despeditu.