Ikasle eguneko identifikazioengatik gurasoen kexa eta salaketa

Guaixe 2018ko api. 12a, 19:31

Ikasle Abertzaleak taldeak LOMCEren kontra protestatzeko grebara deitu zituen ikasleak martxoaren 21ean. Sakanatik Iruñeko manifestaziora joan ziren bi autobusak Berriobeitiko aurreneko errotondara iritsi zirenean, Policia Nacionalak haiek desbideratu eta Zuastira eraman zituen. Poliziek ikasleak talde txikietan jaitsi arazi, gazteak miatu eta banan-banan identifikatu  zituzten. Bi ordu izan zituzten han.

Horren jakitun izanik, Andra Mari ikastolako DBH 3 eta 4ko ikasle batzuen gurasoek “kezka” azaldu eta gertaera salatu dute: “gure seme-alabak 14 eta 16 urte bitarteko adin txikikoak dira. Legeztatutako mobilizazio batetara zihoazen autobusean, eskubide osoz, gurasoon baimenarekin. Adin txikikoak identifikatu eta miatzea legezkoa den edo ez ez da argitzen legedi espainiarrean, baina era bateko bidegabekeria dela deritzogu, are gehiago, deliturik egiten ari ez zirenean”. Guraso horien iritziz, “gure seme alaben oinarrizko eskubideak urratuak izan dira. Guraso gisa, salaketa publikoa egitea deritzogu gure seme alaben eskubideak defendatzeko eta horretan jarraituko dugu beste pauso batzuk ematea ere baztertu gabe”.