Sergio Garcia de Eulatek Espainiako Triatloi Kopari ekin dio

Guaixe 2018ko api. 11a, 12:20

Iron Man erdia distantzian lehiatu zen Sakana Triatloi Taldekoa eta elite mailan 23.a sailkatu zen, bera adin tartean goiko postuetan

Gure triatletek eta duatletek asteburu mugitua izan dute. Batetik, Espainiako Triatloi Koparako baliagarria zen V. Nutrisport Half Triatlon Sevilla jokatu zen, Iron Man erdia distantzian (1,9 km igerian, 90 km bizikletan eta 21 km korrikan). 800 triatleta aritu zen, Sakana Triatloi Taldeko Sergio Garcia de Eulate tartean. Altsasuarrak ohi baino denbora hobeagoan osatu zuen igeriketa tartea, bizikletan nahikoa postu egin zituen aurrera eta korrikaren tartean ere ongi ibili zen. Probako irabazlea Robert Brundish britainiarra izan zen (4:12:44), eta Garcia deEulate azkenean, elite mailan 23. postuan sartu zen Garcia de Eulate (4:38:13), bere adin tartean goiko postuetan. Espainiako Txapelketan Cristobal Dios doa buruan eta Sergio Garcia de Eulate 22.a da.

Espainiako Kopako baliagarria den hurrengo proba maiatzaren 12an jokatuko da, Iruñako Half Triatloia. Hilabete berean Guadalajarako proba jokatuko da, ekainean Valencia 113 eta Half Errioxa, agorrilean Pontevedrakoa eta urrian Ibizakoa.

Maiza Espainiako Duatloi Kopan
Bestalde, Sakana Triatloi Taldeko Juan Luis Maiza etxarriarra Avilésen lehiatu zen, Espainiako Duatloi Koparako baliagarria den proban. Proba Emilio Martinek irabazi zuen (52:01). Maiza ongi ibili zen baina helmugarako sarbidean okertu egin zen eta atzean zetorrenetako batek aurreratu egin zion, baina bere adin tartean, 50-54 urteko tartean, laugarrena sailkatu zen (1:02:27).  

Sakana Triatloi Taldea Nafarroako Taldekako Duatloi Txapelketan
Euren bi taldekideak Sevillan eta Avilésen aritzen ziren bitartean, Sakana Triatloi Taldeko 15 taldekide Eguesibarren aritu ziren, IXI. Eguesibarko Taldekako Duatloian parte hartzen, aldi berean Nafarroako Taldekako Txapelketa izan zena. Hiru talde osatu zituzten Sakana Triatloi Taldekoek. Irabazlea Erreka Kirol Elkartea izan zen. Sakana Triatloi A taldea (Iñaki Alvaro, Javier Borrega, Fco. Javier Gomez, Juan Carlos Gomez eta Iban Sobredo) seigarrena sailkatu zen proban, laugarrena Nafarroako Txapelketan. Ihabarko Mikel Astiz Hiruki Valle de Egües taldean aritu zen eta bederatzigarrena sailkatu zen proban, zortzigarrena Nafarroako Txapelketan. Sakana Triatloi B taldea (Isidro Asurabarrena, Fermin Azkargorta, Esteban Berdud, Jon Iturrioz eta Mikel Lakuntza), aldiz, 29.a sailkatu zen, 16.a Nafarroako Txapelketan, eta azkenik, Sakana Triatloi C taldea (Gorka Chamorro, Iñaki Gallego, Jorge Iradi, Aitor Lizarraga eta Gaizka Martinez de Albeniz) 50.a sailkatu zen proban, 25.a Nafarroako Txapelketan.