Euskal Herriko lurralde guztietako 32 erakundek eta eragile euskaltzalek sustatutako ekimena da Euskaraldia, tartean da Nafarroako Gobernua. Bere helburua da euskararen erabilera handitzea; hau da, kalean, etxean, lantokian… edonon, euskara gehiago entzutea. Horretarako, antolatzaileek diote "gure hizkuntza ohiturak astindu eta ohiko harremanetan euskara gehiago erabiltzeko ariketa" dela Euskaraldia.
Izan ere, azaroaren 23tik abenduaren 3ra, 11 egunez, euskaraz hitz egiten edo ulertzen dugun guztion artean euskaraz egitean datza. "Euskal Herri osoan eta elkarrekin arituta, gure egunerokoan eragin genezake".
Antolaketa
Euskaraldia herriz herri antolatu nahi da. Baina enpresa eta entitateetan ere egiteko ateak zabalik daude. Euskararen erabilera handitzea nahi duten herriek izena eman behar dute. Horretarako, antolatzaileek proposatzen dute herriko eragile eta euskaltzaleak batzordeetan antolatzea eta denek erabakitzea Euskaraldian parte hartu edo ez. Sakanak dauden 15 udalerrietatik eta 29 herrietatik soilik lau udalerrik eman dute izena orain arte: Irurtzun, Lakuntza, Arbizu eta Etxarri Aranatz.
Hasiera batean izena emateko epea igandean despeditzen zen, baina antolatzaileek hilaren 30era arte luzatzea erabaki dute. Beraz, ibarreko gainontzeko herriek oraindik ere izena emateko aukera dute. Informazio guztia www.euskaraldia.eus web orrian dago.
Gero zer?
Izena eman ondoren, Euskaraldiko antolatzaileek herrietako batzordeei ekimena behar bezala prestatzeko lan tresnak eta baliabideak eskainiko dizkiete, nork bere herrian lan dezan. Nafarroa mailako mintegi edo bilerak dira. Euskaraldian parte hartuko duten herritarrak prestatu egin beharko dira eta hiztun sare hori egoki aritzeko jokabideak emanen dituzte ere.
Ahobizi eta belarripresten izen-ematea
Uda despeditzean norbanako izen-emateak biltzen hasiko dira. Irailetik aurrera Euskaraldian parte hartu nahi duen guztiak eman beharko du izena, belarriprest (euskara ulertzen duena) edo ahobizi (hitz egiten dakiena) izan nahi duen azalduz. Horiek guztiek hartuko dute parte azaroaren 23tik abenduaren 3ra Euskaraldian, 11 egun euskaraz biziz.