Zabaleta eta Ezkurdia Buruz Burukoan

Guaixe 2018ko api. 12a, 11:54

Zabaleta ostiralean sartuko da lehian final hamaseirenetan, Albisuren kontra eta Ezkurdia final zortzirenetan sartuko da, apirilaren 20an, Altsasun, Jakaren edo Lasoren kontra

Binakako Txapelketako oihartzunak despeditu ez direnean, Buruz Buruko Txapelketa aurkeztu zuten asteazkenean Bilbon. 16 pilotarik hartuko dute parte Buruz Burukoan eta eskaileran jokatuko da, lau adarretan. Bi pilotari sakandar lehiatuko dira, hain zuzen ere Binakako txapeldun berriak, Joseba Ezkurdia eta Jose Jabier Zabaleta.

Lau lerro
Jose Jabier Zabaleta B multzoan ariko da. Adar oso konplikatua egokitu zaio Etxarrengoari. Ostiralean, Ataunen, Albisu izango du arerio. Partida gogorra izango da eta soilik entrenamendu pare bat egiteko astia izango du Zabaletak, baina Binakako txapeldun berria ilusioarekin aterako da kantxara, bere onena emateko prest. Partidako irabazleak Aimar Olaizola izango du zain final zortzirenetan eta hurrengo eskaileran, final laurdenetan, Rezusta sartuko da lehian. Guztiak atzelariak Aimar Olaizola izan ezik.

Joseba Ezkurdia, aldiz, D adarrean ariko da. Final zortzirenetan sartuko da lehian Arbizukoa, apirilaren 20an Altsasun jokatuko den partidan. Bere arerioa zein izango den larunbatean jakingo da, Labriten jokatuko den Jaka eta Lasoren arteko partidan. Eta final laurdenetan Irribarria dute zain.

A adarrean Elezkano II.a eta Arteaga lehiatuko dira igandean Eibarren. Artola dago zain final zortzirenetan eta egungo txapeldun Bengoetxea VI.a final laurdenetan. Eta C adarrean Retegi Bik eta Victorrek jaialdi berberean jokatuko dute. Altuna dute zain final zortzirenetan eta Urrutikoetxea sartuko da maiatzaren 1ean.

Finalerdiak maiatzaren 12an eta 13an jokatuko dira, Iruñean eta Bilbon, eta final handia maiatzaren 27an, Bilbon.