Euria eta euria. Horixe izan da azken egunetako panorama. Eta nola. Etengabean, gelditu gabe. Gaur tarteka atsedenaldia eman du euriak eta biherrik, atzo dagoeneko gainezka egin baitzuten Etxarriraino Burunda eta Etxarritik aurrera Arakil izena duen ibaiaren urek. Herri guztietan atera zen ibaia, irudi ikusgarriak utzita eta natur fenomenoen aurrean zein gizakiak zeinen txiki garen erakutsita.
Arruazun plazaraino iritsi ziren urak. Lakuntza, Arruazu eta Uharte Arakil arteko bigarren mailako errepidea itxi behar izan da, eta Arruazuko sarrerako zubia ere urpean geratu da. Arbizu eta Lizarragabengoa artean ere urak errepidea hartu du. Izurdiagatik Errotzerako errepidea eta Erroztik Urritzolarako errepideak ere moztu dira. Eta beste hainbat tokitan. Zorionez eguraldiak onera egin du eta pixkanaka ibaiak atzera egingo du, bere ohiko tokia hartuaz.