Ziklo berria Lanbide Heziketaren eskaintza indartzeko

Guaixe 2018ko api. 13a, 12:24
Ikasleak institutuaren atean. Artxiboa

Mendekotasun egoeran dauden pertsonei laguntzea Erdi mailako zikloa batu da eskaintzara, euskaraz ikasteko aukera izanen dena.

Hezkuntza Departamentuak 2018-2019 ikasturteko Lanbide Heziketako eskaintza berria aurkeztu zuen pasa den ostiralean. Guztira 114 ziklo eskainiko dira eta horietatik 15 berriak dira. Maria Solana kontseilariak jakinarazi zuenez, ziklo berrietako bat Sakanak LH institutuan emanen da: Mendekotasun egoeran dauden pertsonei laguntzea. Gainera, ziklo hori euskaraz emanen da.

Ikastetxean albistea "pozik" hartu dutela jakinarazi digu Iñaki Urbitarte zuzendariak. "Gurean ziklo teknikoak ditugu eta aspaldi genbiltzan hain teknikoa ez den ziklo bat ezarri nahian". Eskaintza berriak eskaerak betetzeaz aparte, emakumezkoei Lanbide Heziketa institutua erakargarriagoa eginen diela espero dute. Ziklo berria euskaraz izateak zegoen eskaera bat betetzen duela gaineratu du zuzendariak. Ziklo berria behar bezala hasteko ikastetxean azpiegitura prestatu beharko dute. Sukaldea, alde batetik, eta hainbat ohe dituen logela, bestetik.

Heldu den ikasturteko beste berritasuna da fabrikazio mekanikoko produkzioaren programazio zikloaren bigarren kurtsoa eskainiko dela eta ikasleek ikasketa duala eginen dute. Hau da, ikasturtea institutuaren eta lantegien artean emanen dute.  

Institutuaren eskaintza
Sakana LH institutuan Merkataritza Zerbitzuetako Oinarrizko Lanbide heziketa ematen da, batetik. Erdi mailako honako ikasketak eskaintzen ditu: soldadura eta galdaragintza, mantentze-lan elektromekanikoa eta Mendekotasun egoeran dauden pertsonei laguntzea. Bestetik, honako Goi mailako zikloak eskaintzen ditu: fabrikazio mekanikoko produkzioaren programazioa eta industria-mekatronika. Eskaintza erregimen bereziko bi kirol ikasketekin osatzen da: mendi ertaineko gida eta eskaladakoa.

Goi eta Erdi mailako zikloetan izena emateko epea maiatzaren 7tik 11ra izanen da eta Oinarrizko Lanbide Heziketan, berriz, maiatzaren 28tik garagarrilaren 1era. Bi kasuetan ikasleek, gehienez, 6 aukera egin ahal izanen dituzte. Kirol Ikasketen izen-ematea, bestalde, maiatzaren 2tik 11ra izanen da. Hezkuntza departamentuaren webgunean kontsultatu ahalko da lanbide heziketako eskaintza osoa.

Ate irekiak
Sakana LH institutua ezagutu nahi duenak maiatzaren 8an eginen den ate irekien jardunaldia baliatu  dezake. 11:00etatik 20:00etara ikastetxea ezagutzeko aukera izanen du edonork. Handik pasatzeko gonbidapena egin dute.