Sakanako Herri Kirol Eguna, igandean Lakuntzan

Guaixe 2018ko api. 13a, 13:54

Mank-ek antolatuta, Sakanako aizkolariak, soka-tiratzaileak, harri-jasotzaileak, koxkol-biltzaileak eta trontzalariak arituko dira, goizeko 11:30etik aurrera, Lakuntzan

Sakanako Mankomunitateak, Lakuntzako Udalaren, Nafarroako Gobernuaren eta Sakanako herri kirolarien laguntzarekin, Sakanako Herri Kirol Eguna antolatu du igandean Lakuntzan. Orain arte herri kirolarien festa dena abenduan antolatzen zen, baina 2018tik aurrera udaberrian egitea erabaki da, festa frontoietatik kalera ateratzeko, eguraldiak laguntzen badu behintzat. “Iñigo Aritza ikastolako irakasle eta herri kirol eguneko antolaketan laguntzaile den Jon Lagosen proposamena kontuan hartuta hartu genuen eguna abendutik udaberrira aldatzeko erabakia. Izan ere, Sakanako Herri Kirol Eguna plazara atera nahi da, pilotalekuan baino ikusgarriagoa delako eta herri kirol mota gehiago egiteko aukera ematen duelako. Horrela, 2018an apirilean ospatuko dugu herri kirolarien topagunea den festa” azaldu digu Sakanako Mankomunitateko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak.

Esan bezala, Sakanako herri kirolariak igandean bilduko dira, goizeko 11:30etik aurrera, Lakuntzako plazan. Aizkolariak, soka-tiratzaileak, harri-jasotzaileak, koxkol-biltzaileak eta trontzalariak arituko dira Sakanako Herri Kirol Egunean. Batetik, Sakanako Harri-jasotze eskolan eta Sakanako Aizkora Eskolan trebatzen direnak lanean ikusteko aukera izango dugu. Horretaz gain, Sakanako aizkolariak, adin eta belaunaldi ezberdinekoak, plazara aterako dira. Eta baita Andra Mari eta Iñigo Aritza ikastoletako herri kirol taldeetako sokatira tiratzaileak eta koxkol-biltzaileak.