Zabaleta Buruz Burukotik kanpo

Guaixe 2018ko api. 16a, 13:26

Argazkia: Luis Michelena/Diario Vasco.

Albisuk 8 tantotan utzi zuen etxarrendarra

Ostiralean, Ataunen, Jose Javier Zabaletak eta Jon Ander Albisuk mustu zuten 2018ko Buruz Buruko txapelketa. Final hamaseirenetako lehen partidan Albisu nagusitu zen alde handiarekin. Hasieran 3 eta 2 hurbildu zen Zabaleta, baina hiru takada garrantzitsurekin –5 eta 3tik 10 eta 3ra, 10 eta 4tik 14 eta 4ra eta 14 eta 8tik 22 eta 8ra–, partida erabakita utzi zuen Asegarcekoak. Ataundarraren joaren aurrean Zabaletak apenas egin ahal izan zuen ezer eta distantzia aldaketarekin ez zen eroso ibili. Horrela, Zabaleta Buruz Burukotik kanpo geratu da.

Ezkurdia Jakaren kontra ostiralean Altsasun
Joseba Ezkurdia Buruz Buruko final zortzirenetan sartuko da lehian, ostiralean, Altsasun, gaueko hamarretan hasiko den jaialdian. Laso 13 tantotan uztetik datorren Jaka izango du aurkari. Arbizuarrak Buruz Burukoa prestatzeko ez du tarte askorik izan eta partida zaila aurreikusten du. Hala ere, Binakako txapela lortu izanagatik animoz gainezka dago arbizuarra eta dena emango du.

Bururz Buruko final zortzirenetako beste partidetan, Olaizola II.ak Albisu izango du aurkari larunbatean Labriten (ETB1) eta Victor irabaztetik datorren Retegi Bik Altuna III.aren kontra jokatuko du igandean Eibarren (ETB1). Astelehenean, aldiz, Artolak Arteaga 6 tantotan uzteagatik datorren Elezkano II.aren kontra ariko da Tolosako Beotibarren.

Promesetan Bakaikoak Dario aurkari
Promozio mailako Buruz Burukoan, Joanes Bakaikoa etxarriarra final laurdenetan sartuko da lehian. Bakaikoak Altsasuko jaialdian jokatuko du, ostiralean, Darioren kontra.