Etxarrik Infanzones liderrari irabazi egin zion eta Lagun Arteak Beriainekin berdindu egin zuen

Guaixe 2018ko api. 16a, 15:14

Preferente maila. 26. jardunaldia: Infanzones 0 – Etxarri Aranatz 2 / Beriain 2 – Lagun Artea 2

Asteburu nahiko gozoa izan da hau preferente mailan dabiltzan talde sakandarrendako. Sailkapenean 12.a den Lagun Arteak 7.a den Beriain izan zuen aurkari. Bi taldeek puntuak nahi zituzten, Beriainek goiko postuetan sartu ahal izateko eta Lagun Arteak azkeneko postuak behean utzi ahal izateko. Lakuntzarrak izan ziren markagailuan aurreratu zirenak, Enekok egindako jaurtiketari esker, baina bana berdintzea lortu zuen Beriainek. Bigarren zatian Beriainek bigarren gola sartu zuen. Lakuntzarrak saiatu egin ziren, eta 79. minutuan bina berdindu zuen Anderrek. Eta binako berdinketarekin despeditu zen lehia.

Bitartean Etxarrik Obanosen jokatu zuen, Infanzones liderraren kontra. Jokoan asko zuten bi taldeek: lidergoari eusteko aldea ateratzea, Infanzonesek, eta beheko postuak atzean uztea, Etxarrik.  Lehen zatian bi taldeak parez pare ibili ziren baina ez zuten aparteko gol aukerarik sortu. Bigarren zatian Etxarrik ideiak oso argi zituela jokatu zuen eta liderra deseroso ibili zen. Horrela, Etxarrik aldeko gola lortu zuen Infanzonesen zorigaiztoko jokaldi batean, ate propioan sartu baitzuen gola liderrak. Eta lau minutura Etxarrik bigarren gola ospatu zuen, atzera ere Infanzonesek ate propioan gola sartu eta gero. Liderra egoerari buelta ematen saiatu zen, baina Etxarrik defentsa bikaina egin zuen. Horrela, 0 eta 2 gailendu ziren gorritxoak.

Galdu egin zuen, baina hala ere lider jarraitzen du Infanzonesek (51 puntu). Lagun Artea 12.a da (28 puntu) eta Etxarri Aranatz 13.a (26 puntu). Asteburuan, Lagun Arteak Infanzones liderra hartuko du Lakuntzan eta Etxarri Aranatzek 48 punturekin hirugarrena den Arrotxapearen kontra jokatuko du San Donato zelaian.