Opakuako igoeran txukun

Guaixe 2018ko api. 18a, 12:14
Argazkia: Edurne de Lacalle.

Hasi da Euskal Herriko Mendi Igoeren Txapelketa. Opakuako Igoeran Iker Palacios izan zen lehen sakandarra, helmugan 13.a

Opakuako Igoera Euskal Herriko Mendi Igoeren Txapelketarako baliagarria den lehen proba da. 4,6 km-ko ibilbidea du probak, eguraldiak lagundu zuen eta motor festa polita izan zen Arabakoa. Guztira 74 ibilgailu zeuden izena emanda eta horietatik 56 autok lortu zuten proba bukatzea. Azkarrena Aitor Zabaleta bergararra izan zen, Lola BMW T-298 barketarekin (2:20).

Lau pilotu sakandar lehiatu ziren. Iker Palacios lakuntzarra 13.a sailkatu zen (BRC 05 EVO), 22 segundora (2:43). Bere mailan bosgarrena izan zen lakuntzarra. Mikel Mendinueta arbizuarra (Peugeot 205 GTI) 32.a (3:04), bere mailan hirugarrena, Iker Askargorta iturmendiarra (Opel Astra GSI) 38.a (3:10), bere mailan 10.a eta Iñigo Zelaia bakaikuarrak ezin izan zuen proba despeditu, matxurengatik.

Hurrengo proba Erratzun jokatuko da, Baztanen, Izpegiko Igoera, maiatzaren 5ean.

Garikoitz Flores Espainiako Mendi Txapelketako 2 mailako liderra
Martxoaren 17an hasi zen Espainiako Mendi Txapelketa, Esteponako Peñas Blancas igoerarekin. 2 mailan Garikoitz Flores lehiatzen ari da eta lakuntzarrak lan bikaina egin zuen, 2 mailan irabazi baitzuen (9:09) eta maila horretako liderra baita.

Txapelketako baliagarria den bigarren proba asteburu honetan jokatuko da, Ubrique-Benaocaz proba. Maiatzaren 19an Fitoko Nazioarteko Igoera dago jokoan, maiatzaren 26an Castell de Guadalest igoera, ekainaren 9an Guía de Isora igoera, uztailaren 14an Pujada Alp igoera, uztailaren 28an Valle del Jerte Igoera, agorrilaren 18an Chandarako Igoera eta irailaren 29an Santa Totanara igoera