Aznartarrak eta Arrieta podiumean

Guaixe 2018ko api. 18a, 10:09

Gaztetxoak txapelketarako baliagarria den XXIX. Beola Motor lasterketetan sakandarrak goian izan ziren

Larunbatean XXIX. Beola Motor lasterketa jokatu zen Atarrabian, Gaztetxoak txapelketarako baliagarria den lehen proba. Bi lasterketa izan ziren: 15:30ean lehen urteko kadeteen lasterketa jokatu zen (48 km) eta 17:30ean bigarren urteko kadeteena (53 km).

Lehen urteko kadeteen proba esprintean erabaki zen eta Dinuy taldeko Haimar Etxeberria gailendu zen, Burundako Quesos Albeniz taldeko Hugo Aznarren aurretik. Denbora berean sartu ziren Sergio Lopez (Q.A.), 5.a eta Martzel Etxeberria (Aralarko Intersport Irabia), 6.a. Jon Erdozia 21.a sartu zen (I.I.), Jon Chamorro 25.a (Q.A.), Antonio Gonzalez 31.a (Q.A.) eta Oihan Etxeberria 57.a (Q.A.). Burunda klubeko Quesos Albenizek talde onenaren saria jaso zuen.

Kadeteen bigarren urteko lasterketa ere esprintean erabaki zen. Sergio Grajera gailendu zitzaien Intersport Irabiako Igor Arrieta uhartearrari eta Quesos Albenizko Unai Aznarri. Aitor Alberdi (I.I.) laugarrena sartu zen, Iker Mintegi (Q.A.) bederatzigarrena, Migel Gil (Q.A.) 38.a eta Mikel Lizasoain (I.I.) 50.a. Quesos Albeniz hirugarren talde onena izan zen.

Juniorrak Deban
Juniorrek XLV. Amaikak Bat Saria izan zuten jokoan Deban. Kasu honetan ere esprintean erabaki zen guztia eta Bellota-Goierri taldeko Xabier Isasa gailendu zen. Quesos Albeniz taldeko Mateo Gonzalez hirugarrena sailkatu zen eta bere taldekide Ailetz Lasa 42.a.