Alegre Nafarroako bertsolari gazteen txapelketan

Guaixe 2018ko api. 20a, 14:25
Ekain Alegre aurreko saio batean bertsotan.

32. aldiz Nafarroako bertsolari gazteen txapelketa jokatuko da. Hitzordua gaur 19:00etan da, Iruñeko Nabarrerian dagoen Maravillas gaztetxean. Hamalau eta hemezortzi urte bitarteko 11 bertsolarik parte hartuko dute eta haien artean dago Ekain Alegre altsasuarra. Asier Garciak aurkeztuko du saioa eta Arkaitz Goikoetxea, Saioa Alkaizak eta Mikel Beaumont izanen dira epaileak. Sarrera doakoa da eta saioaren ondoren merendua izanen da.

Bertsolari gazteek honako lana egin beharko dute: gai orokor bati kopla edo bertso bana (gehienez 5 puntukoa); 4 oinak emanda bertso bana eta hitza gaitzat hartuta kopla edo bertso bana (gehienez 5 puntukoa). Lan horiek egin ondoren epaileek erabakiko dute aurrera zein lau bertsolarik eginen duten eta bigarren fase horretan honako lana izanen dute bertsolariek: binaka, gaia emanda, bina bertso zortziko txikian; binaka, gaia emanda, hiruna bertso koplatan eta buruz burukoa edo kartzela (puntu-erantzun bat eta gaiari bertso bat). Txapelketako aurreneko bi sailkatuak Nafarroaren ordezkari izanen dira Euskal Herriko Eskolarteko Txapelketan.