Errugbia Sakanako ikastetxeetan

Guaixe 2018ko api. 19a, 12:47

Mank-ek eta Nafarroako Errugbi Federazioak antolatuta, Sakanako ikastetxeetan errugbia sustatzeko saioak hasi dira

Sakanako Mankomunitateak errugbia sustatu nahi du. Horrela, aurreko urtean egindako proposamen bati erantzuna emanez, aurten, nobedade moduan, errugbi campusa eskainiko du Sakanako Mankomunitateak ekainean. “Aurreko urtean errugbi campusa antolatzeko urdiaindar baten proposamena jaso genuen. Proposamena interesgarria iruditu zitzaigun eta aurten errugbi campusa antolatzea erabaki dugu. Etxarri Aranatzen izango da, San Donato futbol zelaian” azaldu digu Mankomunitateko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak. Errugbi campusa ekainaren 11tik 15era izanen da, 15:00etatik 19:00etara. 8 urtetik 16 urte bitarteko neska-mutilei dago zuzendua. Egokitutako errugbi-zinta landuko da batez ere, eta teoria eta praktika uztartuko dituzte. Izena ematea zabalik dago Mank-en, 35 euroren truke (948 464 866, kirolak@sakana-mank.eus, www.sakana-mank.eus).

Ikastetxeetan errugbia sustatuko dute
Nafarroako Errugbi Federazioak oso begi onekin hartu du Sakanako errugbi campusaren antolakuntza eta campusa sustatuko du. “Sakanan errugbia sustatzen oso interesatua dago federazioa. Horrela, eta campusa bulkatzeko, apirilaren bigarren hamabostaldian federaziotik Sakanako hainbat ikastetxetara etorriko dira errugbia zer den, nola jokatzen den eta errugbiak sustatzen dituzten balioen berri ematera” aipatu du kirol teknikariak. Sakanako ikastetxe guztiei egin zieten proposamena, baina Olaztiko eskolak, Iñigo Aritza ikastolak, Zelandik, Korazonistak, Andra Mari ikastola, San Donato eskolak, Lakuntzako eskolak eta Uharte Arakilgoak baiezkoa eman zuten eta euren ikastetxeetan egingo dute azalpena. Leire Rodrigez Oñatibia errugbilaria ari da euskarazko saioak eskaintzen eta Maika Iraizozek egingo ditu gaztelerazkoak, A eta B ereduan. “Errugbiak errespetua bezalako balore oso garrantzitsuak sustatzen ditu eta oso kirol interesgarria da. Halaber, Mankomunitatetik eskuorri bat prestatzen ari gara, errugbia zer den, nola jokatzen den eta transmititzen dituen baloreak erakusteko” gaineratu du teknikariak.