Txistu eta abesbatzarako kontzertu ederra

Guaixe 2018ko api. 20a, 09:43

Burundar Txistulariek eta Etxarri Aranazko abesbatzak kontzertua eskainiko dute Altsasuko Iortia kultur gunean, bihar, 19:30ean. XVI. mendetik gaur egunera arteko errepertorioa aletuko dute Baga, higa, biga kontzertuan

Burundar Txistulariek 11 urteko ibilaldian seigarren kontzertua eskainiko dute Iortia kultur gunean. Txistuak kale eta festa giroaz aparteko musika egiteko balio duela erakutsi nahi du taldeak. Eta oraingoan Etxarri Aranazko abesbatzaren laguntzaz eginen du.

Bi taldeak elkar ezagutzen dute. Juan Pablo Urizar txistulariak gogorarazi du azken 10-12 urteetan irailero Etxarri Aranazko plazan aritu direla, dantzariekin batera osatutako ikuskizunean. "Elkarrekiko sentipena zegoen". Abesbatzako zuzendari Alicia Armendarizek azaldu digu duela bizpahiru urte sortu zela elkarlanean aritzeko aukera eta batzuen eta besteen konpromisoek aurten emanaldia eskaintzea ahalbideratu dute. Beraz, elkarrekin ariko diren estreinako aldia da biharkoa.
Bi musika erakundeek elkarrekin aritu direnean esperientzia ona izan dela esan digute.  Orain arte kalean izan da eta aretoan aritzea desberdina da.

Errepertorioa
Txistu eta abesbatzarako errepertorioa badago, "beste gauza bat da ongi egina izatea. Aukeraketa egokia egin dugu eta denetarik apur bat izanen da: gauza goxoak, tradizionalagoa, gauza dibertigarriak, tango bat, swinga… Oso ongi landuta. Gure ustez hoberena aukeratu dugu" esan digu Carlos Sanchez Ekiza txistulariak. Eta gaineratu du, "abesbatza ez da edergarri hutsa izanen".

Bera Burundar Txistularietako bat da eta taldeak haren moldaketak jo izan ditu. Aurten "pieza baten mundu-mustutzea" izanen da. "Aspaldikoa zen. Moldaketa berria egin dut. Ilusio handiz egina, abesbatza honetan pentsatuta; kalitatezko abesbatza batean".

Azken horren zuzendaria da Alicia Armendariz eta gogoratu du errepertorioaren aukeraketa "ideia-ekaitza" baten emaitza izan zela. "Itxuraz, errepertorio erraza da. Baina ez da hala. Partiturak aztertu eta… hor saltsa dago!" Urizarrek gaineratu du enez,"erritmo aldaketa" asko eta beste ditu errepertorioak. Eta nabarmendu du piezak "onak, politak, batzuk ileak lazten dutenetakoak dira afinazioagatik eta".

Prestaketaz
Lastailetik ari dira txistulariak errepertorioa prestatzen. Aldamenean metal boskotea izan dute. "Lan handia" eskatu diela aitortu du Urizarrek. Eguberritan Disneyren kantuz osatutako errepertorioa eman ondoren ilbeltzean heldu zion abesbatzak biharko emanaldiari. "Lan handia" eskatu diela aitortu du Armendarizek.

Sanchez bitan izan zen abesbatzarekin entseatzen, tempoak egokitzeko. Lehen hartu-eman horren ondoren, aurreko ostiralean eta gaur elkarrekin entseatuko dute. "Gauzak landuko ditugu, baina emaitza izanen da ikaragarri ona!" esan digu Rafael Goñi Lazkano txistulariak.

Urizarrek dionez, abesbatzarekin aritzeak berari "ilusioa" eman dio, "ilusioz egon naiz lanean. Lana! Abesbatzak asko eskatzen digulako". Rafael Goñi Lazkano txistulariak esan duenez, "horrelako konpromiso bat hartzea, guretako estualdi bat da, baina oso pizgarria dena".Eta "pizgarri" horri aurre egiteko Burundar Txistulariak 20 bat izanen dira eta Sakanako metal boskote baten laguntza izanen dute abesbatzako 50 ahotsekin batera aritzeko.

Armendarizek esan digunez, txistulariekin aritzeak abesbatzari "errepertorio desberdina lantzeko aukera eman digu. Sinfonikotik gertuago dago, abesbatza hutsetik baino. Instrumenturik, a capella, asko abesten dugu. Instrumentu talde sendoa izatea, taxutzen duena; horretarako aukera gutxitan dago. Pozgarria da".

Euren musika taldeen osasunaz galdetuta, batzuek eta besteek esan dute besoak zabalik hartuko lituzketela musikari berriak euren taldeetan.

Gonbidapena
Kontzertuko azken piezaren izena hartu du emanaldiak, "moldaketa izugarria eta ikusgarria delako" Sanchezen uztez. Altsasuko festetan txistulari taldeak emandako kontzertuak harrituta gelditu zirenak aukera dute, beraz, harritzen segitzeko. "Ongi pasatuko dute. Gozatzera etor daitezela. Begiak itxi eta sonoritatearekin gozatzeko piezak izanen dira. Kontzertu dibertigarria da. Inolako zailtasunik ez duena. Atsegina".

Egitaraua
La Bataile
Ilunabarra
Agur nire bihotzeko jaioterri maitea
Potxolo dago negarrez
Hiru kanta nafar
Gernika
Artzain kantak
Haurrak lotaratzeko doinua
Kitolis
Zuk ukatu
Maitia nun zira
Baga, biga, higa