Urrunketa: kalte eta eraginak adin nagusiko pertsonengan

Sakanako senideak 2018ko api. 20a, 08:11

kolaboratzaileak

Horixe dugu Etxeraten www.etxerat.eus web gunean ikusgai dagoen azken txostenaren izenburua. “Dispertsioaren haurrak” adin txikikoengan duen eragina aztertzen zuen bezala, oraingoan adineko pertsonek pairatu behar izan duten eta pairatzen duten sufrikarioa jorratzen du. Honela dio txostenak, hitzez hitz,  bere hitzaurrean:
“Urruntzeak familia-bizitzarako eskubidea urratzen du. Urruntzeak ez ditu bisitak debekatzen. Urrundutako preso guztiek legez ezarritako bisita kopurua eta denbora dute. Baina, bisita horiek egiteko baldintza batzuk bete behar dira, zalantzarik gabe muturreko baldintzak direnak; baldintza horiek bisitak bermatu ordez, zaildu egiten dituzte, eta horrela familia-bizitzarako eskubidea urratzen dute.
Urruntzeak euskal preso politikoen senitarteko eta hurbilekoengan dituen ondorio gogorrak kolektibo horrekin familia-loturak edo lotura afektiboak dituzten pertsona guztiek jasaten dituzte, salbuespenik gabe. Pertsona guztiak modu ezberdinean ukitzen ditu, beti modu negatiboan ukitzen baditu ere, eragin gehiago du sektore zaurgarrienetan: haurrak, pertsona gaixoak, adineko pertsonak… eta familia-loturak zenbat eta estuagoak (gurasoak, seme-alabak, bikoteak, anaia-arrebak), orduan eta eragin gehiago du.
Ez da erraza gizarteari adieraztea urruntzea nola bizi izaten den edo milaka hiritar euskalduni egin dion eta egiten dion kaltea zenbaterainokoa izan den. Aurkeztu genuen jadanik haurrengan eta adingabeengan urruntzeak dituen ondorenei, bizipenei eta arrastoei buruzko txostena. Oraingo honetan sektore zaurgarrienetara eta, beraz, urruntzearen eragin handiera jasaten dutenetara bideratu nahi dugu arreta: pertsona adinduengana.”
Espainiar estatuak ez du salbuespenezko espetxe politika hori bertan behera utzi nahi eta horrexegatik erakundeek, alderdi politikoek sindikatuek, giza kolektiboek eta oro har euskal gizarteak oztopo eta muga horiek gainditzeko ahaleginak areagotu behar ditugu, bakea eta elkar bizitzaren norabidean abiatu gaitezen.