John Bergerrek Milleten nekazariei eskaintzen dizkien artikulu bikainean, margolariaren porrota azaltzen digu: haren pertsonaiei garrantzia ematearekin batera, inguratzen zituen paisaiarekiko oreka galdu omen zuen. Nekazarien irudiak ez dituzte proportzioaren legeak errespetatzen eta lurrerantz makurtuegiak dirudite. Ez daude infinitura begira: haren margoek lurrerantz gidatzen gaituzte. Paisaiaren errepresentazio tradizionaletan ohikoa zen bidaiariaren ikuspuntu neurriduna galdu da, eta lurraren beharrak makurtzen gaitu. Horrela sumatzen dira Milleten barnean borrokan zeuden bi begiradak: ikasitako paisaia harmonikoen oihartzun pisutsua eta nekazariak lurrean murgilduta, lurraren senean azaltzeko beharra.
Geroago, margolari ugarik desitxuratuko zuten paisaia haien barne sentimena azaltzeko. Baina haien artean, Milleten imintzoa bereziki ederra dirudi: bere barnetik aldenduz, besteen begiratzeko modura hurbildu eta lurra aurkitu zuen. Bere ingurukoei begira eman zuen bizitza: besteengan errotzen. Eta oraindik gaur, haren margoei so egitean senti dezakegu lurraren beharra.
Horregatik agian lasaitzen naute horrenbeste Milleten koadroek, besteen begietan une batez pausatzeko aukera. Haiengatik urrun egonez, bat-batean oso gertu. Ez gaituzte bakarrik uzten: gu bakarrik, gu beti, eta aurrean zerumuga, etorkizuna; lurra eskaintzen digute aurrez-aurre errotzeko.
Eta haiei begira, susmo larri batek bahitzen nau batzuetan: agian besteen lurra da falta zaiguna. Gure gizartean zerumugen presentzia neurrigabetu da, eta haien parean gu beti txiki-txikiak, sustrairik gabeak. Sentimena infinituz desitxuratu zaigu. Nahikoa da Instagramen ordu laurdena ematea horren lekuko izateko: selfie-ak, argitzeak eta iluntzeak. Gurekin datozenak berriz, apaingarri hutsak dira, ez ditugu begiratzen.
Eta beharbada horregatik kostatzen zaigu horrenbeste bizilagunen sentimen argudioak ulertzea. Ahaztu egiten dugu maiz ez dagoela zer ulertzerik: zerbait sentitzerik akaso. Eta agian, gure xedeak alde batera utziz, noizean behin besteen begietan pausatuko bagina, erraztuko litzateke behingoz gure lurraldearen partekatze odoltsu hau.