Bizi Mendi Duatloia, bihar Altsasun

Guaixe 2018ko api. 20a, 13:45

Nafarroa Oinezek antolatuta, bihar, larunbatean, 10:00etan, Altsasun. Ondoren, bazkari herrikoia izanen da Iñigo Aritza ikastolan

Bihar, apirilaren 21ean, goizeko 10:00etan ekingo zaio Nafarroa Oinezek antolatutako Bizi Mendi Duatloiari, Altsasuko Foru plazatik. Jakina denez, aurten Altsasuko Iñigo Aritza ikastolak antolatuko du Nafarroa Oineza eta festa erraldoi honi lotuta ikasturte osoan ekitaldi eta ekimen ezberdinak ari dira aurrera eramaten, aipatutako Bizi Mendi Duatloia tartean.

121 bikote ariko dira


Bizi Mendi Duatloia berezia izango da. Izan ere partaideek bikoteka hartu beharko dute parte. 242 pertsonak eman dute izena proban aritzeko, hau da, 121 bikotek. Bikote bakoitzeko lehen parte-hartzaileak 23 km eginen ditu mendi bizikletan, Altsasu, Urdiain eta Iturmendiko inguruko paraje zoragarrietan barna. Altsasuko Foru plazatik aterata, San Pedrotik Urdiaingo igerilekuetaraino joko dute, eta Mauriako bidea hartuta, ibilbide ederra eginen dute Iturmendiko Pilare ermitara iritsi arte. Handik Urdiaingo San Juan ermitara joko dute eta Urdiaingo baserrietatik Altsasura, azkenean ikastolatik barna buelta eman eta gero, Altsasuko Foru Plazara heltzeko. Bertan txirrindulariak bere bikoteari erreleboa pasako dio, eskua emanez, eta honek azkeneko 7 km-ak korrika egingo ditu. Ibilbide polita da, tartean Basoitxi, San Pedroko bidea eta beste zeharkatuko dituena. Proba Foru Plazan despedituko da. 


Taldekako sailkapena egonen da, gizonezkoen taldeak, emakumezkoen taldeak eta talde mistoak.

Ondoren bazkari herrikoia

Eguraldi bikaina iragarri dute eta Altsasura gerturatzea aukera polita da, Bizi Mendi Duatloian parte hartuko duten 121 bikoak zuzenean lanean ikusteko. Herri guneaz gain, proba gauzatzen den edozein parajetan jarraitu daiteke duatloia. Ekimen polita izango da, txirrindulari, korrikalari eta ikusle asko erakarriko dituena. Horrela, kirol festa ederra are gehiago borobiltzea erabaki du antolakuntzak eta Bizi Mendi Duatloia bukatuta herri bazkari herrikoia antolatu dute Iñigo Aritza ikastolako frontoian. Prezio herrikoian, 8 euroren truke, bazkaltzeko aukera izango dute ez soilik kirolariek, baizik eta nahi duen orok. Ohiko menuaz eta haurrendako menuaz gain, menu begetarianoa ere izanen da. Bazkaria girotzeko musika doinuak ez dira faltako eta bazkalostean opariak zozketatuko dira.

www.nafarroaoinez.eus
Bizi Mendi Duatloiaren inguruko informazio guztia, ibilbideetako mapak barne.